Zabalik Gazteria arloko Aurrekontu Parte-Hartzaileetan egitasmoak aurkezteko epea

Nafarroako Gazteriaren Institutuak 30.000 euro bideratuko ditu hautatuak diren egitasmoak garatzeko

Zabalik da aurtengo Nafarroako Gazteria arloko Aurrekontu Parte-Hartzaileetan  proposamenak aurkezteko epea. Egitasmoak aurkezteko epea datorren martxoaren 24an amaituko da. Nafarroako Gazteriaren Institutuak 30.000 euro bideratuko ditu hautatuak diren egitasmoak garatu ahal izateko. Aurkezten diren proposamenek izaera soziala izan beharko dute eta gazteak helburu izan beharko dute.

Aurrekontu Parte-Hartzaileak herritarren parte-hartzea ahalbidetzen duen tresna bat da eta horri esker, herritarrek beren ideia, egitasmo edo politika publikoak garatzeko aukera izan dezakete. Aldi berean, gazteak inplikatu nahi dira proiektu baten garapenaren maila guztietan, definiziotik hasita azken ebaluaziora arte.

Deialdia

Deialdia Nafarroan erroldatuta dauden 14 eta 30 urte bitarteko gazteei zuzentzen zaie. Gazteriaren arloan lan egiten duten eta Nafarroan erregistratuta dauden elkarteek eta irabazi asmorik gabeko erakundeek ere parte har dezakete.

Aurkezten diren proposamenek izaera soziala izan beharko dute eta gazteak helburu izan beharko dute. Egitasmoek parte-hartzearekin, formakuntzarekin, kulturarekin, artearekin, berdintasunarekin, inklusioarekin, gazteriaren inguruko ikerketarekin edo belaunaldiarteko egitasmoekin harremana izan beharko dute. Aldi berean, Nafarroako Gazteriaren III. Plana osatzen duten helburuekin bat egin beharko dute.

Proposamenek berriak eta gazteria osoari irekiak izan beharko dute, baina fokua adin-tarte zehatz batean jarri ahal izango da.

Aurrekontu parte hartzaile hauetan eginen den ekintza proposamena aurkezten duen pertsona, elkarte edo erakundeak ezin izanen du hura gauzatu, ezta proiektua garatzeko kontratatua izan ere.