Nafarroako 31 gazte lanean hasiko dira lehen sektorean

INTIAk antolatutako ikastaroei esker gazteek nekazaritzan zein abeltzaintzan hasteko gaitasun profesionala eskuratzen dute

Nafarroako 31 gaztek arrakastaz amaitu dute INTIAk antolatuta urtarrilean hasi zen nekazaritza-sektorean sartzeko ikastaroa. Ikastaroa amaitu duten 31 gazte horietatik 22 gizonak dira eta 9 emakumeak. Horietako hamalau abeltzaintzara bideratuko dira; gainerako 17ak, berriz, nekazaritza-sektorera.

Ikastaro horiek INTIA sozietate publikoaren Gazteei Laguntzeko Plan Estrategikoaren parte dira, eta 200 orduko iraupena dute. Aurten, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Sailak hiru laguntza-lerro berri jarri ditu abian, 3.520.000 euroko aurrekontuarekin, nekazari berrien instalazioa sustatzeko. Jasotako prestakuntzak aukera emango die gazteei dirulaguntza horiek jasotzeko beharrezkoak diren gaikuntza eta gaitasun profesionala justifikatzeko.

Gazteak

Prestakuntzan parte hartu dutenen batez besteko adina 31 urtekoa da. Ikastaroak Erriberrin (nekazaritza) eta Atarrabian (abeltzaintza) egin dira. Nekazaritzan, 17 ikasleetatik sei zereala ustiatzen arituko dira; gainerakoak, berriz, barazkiak, mahastiak, olibondoak eta baso-haziak ustiatuko dituzte. Abeltzaintzaren sektorean, berriz, sei pertsona haragitarako ardietan zentratuko dira, eta gainerakoak haragitarako behietan, esnetarako ardietan eta esnetarako behietan.

Ikasle gehienak Iruñerrikoak (7) eta Lizarraldekoak (6) izan dira, eta ondoren Nafarroako ipar-mendebaldeko eta Erriberako partaideak daude. Pirinioetako, Arga-Aragoi Erriberako eta Zangoza inguruko gazteen ordezkaritza ere izan da.

Ikastaro hauen hurrengo edizioa abuztuaren amaieran hasi eta 2024ko abenduan amaituko da. Prestakuntza hori jaso nahi duten gazteek aurrez izena eman dezakete INTIAren prestakuntza-telefonora deituta: 948-013058.