Nafarroako 35 urtetik beherako gazteen % 44,9 emantzipatuta dago. Kopuru hori nabarmen jaisten da 16 eta 29 urte bitarteko gazteen artean (% 29,8). Ostera, 30-34 adin-tartean emantzipatuta bizi diren gazteen kopurua biderkatu egiten da (% 84,7).
2021. urtean emantzipatuta bizi diren gazteen kopurua aurreko urtean erregistratutakoaren parekoa da (% 44,8). Estatistika Institutu Nazionalaren (INE) datuen arabera, 2020. urteko urtarrilaren 1ean, Nafarroako Foru Erkidegoan, 16 eta 34 urte bitarteko 132.532 pertsona bizi ziren. Aipatu datu horiek guztiak Nafarroako Gazteriaren Institutuak burutu duen Emantzipazioaren III. Inkestan jasotzen dira.
Inkestak eman dituen emaitzetatik ondoriozta daitekeenez, adin bereko gazteen artean emakume gazteen emantzipazio-tasa gizon gazteena baino altuagoa da. Emakume gazteen erdia baino gehiago (% 51,5) gurasoen etxetik kanpo bizi den bitartean, kopuru hori % 38,4raino jaisten da gizon gazteen kasuan. Emantzipazioaren gorakada, nagusiki, emakume gazteen artean eman da eta, hortaz, etena gero eta handiagoa da: 3,6 puntu gehiago azken bi urteetan.
Inkestaren emaitzek jasotzen dutenez, Nafarroan bizi diren atzerritar jatorriko gazteek emantzipatzeko joera handiagoa dute. Gazte horien emantzipazio-tasa % 56,5ekoa da eta Nafarroan edo Estatuan jaiotakoen artean, berriz, % 40,4.
Alokairuan eta partekatua
Gurasoen etxetik kanpo bizi diren nafar gazteen % 58,1 alokairuan bizi da. Jabegoan etxebizitza pribatu bat erosteak gazteen artean gero eta pisu gutxiago duen aukera da (% 29,3). 2019. urteaz geroztik ehuneko hori hamar puntutan jaitsi da. Utzitako etxebizitza batean bizi diren gazteen kopuruak ere nabarmen egin du gora (% 12,6). Kasu horretan, gurasoen bigarren etxebizitza batean bizi ohi dira.
Alokairuan bizi diren gazteen ia erdiak (% 49,2k) etxebizitza partekatzen du beste pertsona batzuekin.
Alokairuarena gazteentzako irtenbiderik errazena da. Batez beste, Nafarroako gazteek urtean 18.820,88 euro garbi irabazten dituzte, 2019. urtean baino 1.936,26 euro gehiago. Alokairuaren batez besteko prezioa Nafarroan 503,31 eurokoa da; etxebizitza pribatuaren batez besteko prezioa, berriz, 154.571,81 euro. Gazteek adierazi dutenez, alokairua behin behineko irtenbidea da. Egonkortasun ekonomiko eta pertsonal handiago lortzen badute etxebizitza bat erostea espero dute gazte gehienek.
Emantzipatu diren horien artean % 66,1 landuna da. Gurasoen etxean jarraitzen duten horien artean, berriz, gehienak (% 87,1) ikasleak dira.
Burujabetasun ekonomikoa
Gero eta gutxiago dira ekonomikoki independenteak diren nafar gazteak. 2019. urtetik hona 3,7 puntutan jaitsi da ekonomikoki independente diren gazteen kopurua; % 39,2 eta % 35,5, hurrenez hurren. Hortaz, nafar gazteriaren gehiengoak beste pertsonenganako menpekotasun ekonomikoa du, bai osotasunean (% 27,4) edo bere aldetik diru-sarrerak izanik (% 12,3). Emantzipatuta dauden hamar gaztetik lauk beste pertsona batzuen laguntza ekonomikoa behar dute.
Nafarroan lanean diren gazteen % 44,8 aldi baterako kontratuarekin ari da lanean. 30 urtetik beherako gazteen artean kontratu mota hori ugariagoa da (% 55,6). Emantzipatu gabeko landunen artean ere aldi baterako kontratuak dira nagusi (% 58,5).
16 eta 34 urte bitarteko gazteen % 17,5 lanaldi partzialean ari da lanean. Emakumeen kasuan kopuru hori 4,2 puntu altuagoa da (% 21,7).