Nafarroako Parlamentuak, Gobernua sustengatzen duten lau alderdien babesarekin, Euskararen Foru Legea aldatzeko proposamena onartu du. Aldaketa horri esker, 44 udalerri eremu ez-euskaldunetik eremu mistora igaroko dira: Abaigar, Adios, Aibar, Allin, Ameskoabarrena, Antzin, Añorbe, Aranatxe, Arellano, Artazu, Bargota, Beriain, Biurrun-Olkotz, Cabredo, Zirauki, Deikaztelu, Eneritz, Eulate, Galoze, Garinoain, Izagaondoa, Larraona, Leoz, Lerga, Longida, Mendigorria, Metauten, Mirafuentes, Murieta, Nazar, Obanos, Olite, Oteiza, Puiu, Zangoza, Tafalla, Tiebas, Tirapu, Untzue, Uxue, Urraulbeiti, Urrotz, Villatuerta eta Zuñiga. Gainera, UPNk Zizur Zendea eremu mistotik ateratzeko egindako eskaria atzera bota dute.
Lege berriak euskararen erabilera arautzeko eskumena emango die udalei. Beste aldaketa garrantzitsua legearen beraren izenean emango da. Horrela, aurrerantzean ‘Ley del euskara’ deituko da eta ez, lehen bezala, ‘Ley del vascuence’.