Euskarabideak eremu pribatuko lantokietan euskararen presentzia sustatzeko diru-laguntza ildo berri bat argitaratu du. Guztira, 60.000 euro bideratuko dira euskara Nafarroako enpresa munduan barneratzeko. Aipatu kopurua honako ekintzetara bideratuko da nagusiki: kanpoko, barruko eta ibilgailuetako errotuluak egokitzea; irudi korporatiboa gutun-azaletan; bisita-txartelak; idazpuruak; erakundearen zigiluak: poltsak…; web-orriaren hizkuntza-egokitzapena; telefonozko eta zuzeneko harrera (mezuak, agurrak); idatzizko jakinarazpenetarako eskatutako itzulpenak (gutunak, mezu elektronikoak, sustapenetarako mezu elektronikoak eta euskarazko hizkuntza-prestakuntza.
Diru-laguntza deialdia hiru atal nagusitan banatu da, betiere, lantoki motaren arabera. Horrela, elkargo profesionalentzat 10.000 euroko laguntza bideratuko da; 15 langile baino gehiago dituzten enpresa pribatuentzat, berriz, 30.000 euro eta, azkenik, 15 langile baino gutxiago dituzten enpresa pribatuentzako beste 20.000 euro. Laguntza horiek eskatzeko epea uztailaren 3an amaituko da.
Horrez gain, Euskarabideak helduentzako euskararen irakaskuntza sustatzen duten entitateentzako laguntzen deialdia ere deitu du, 2017ko urtarriletik irailera bitartean egindako jardueretarako. Laguntza 640.000 eurokoa izango da. Diru-laguntza lerro horrek lau irakaskuntza eredu hartuko ditu barnean: Aurrez aurreko irakaskuntzako talde arruntak; barnetegiak, baliabide telematikoen bidezko irakaskuntza eta euskararen irakaskuntza espezifikoa. Diru-laguntza eskatzeko epea ekainaren 21ean amaitu zen.