Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuak (NKGI) eta Nafarroako Futbol Federazioak (NFF) oinarrizko futbolean kirol-balioak sustatzea eta indarkeria saihestea helburu duen programa bat garatuko dute elkarlanean. Programa hori Kirolaren Balioen Planaren barruan kokatu behar da eta, printzipioz, Nafarroako Kadeteen Ligan eta Kadeteen Lehen Mailan ezarriko da.
NKGIko zuzendari gerente Rubén Goñik eta Nafarroako Futbol Federazioko presidente Rafael del Amok futbol-partiduetako kiroltasunaren erregistroa barne hartzen duen elkarlanerako akordioa sinatu dute. RPEF izeneko erraminta erabiliz, partiduetan jasotako datuen asteroko analisia egingo da.
NKGIko Kirol Bitartekotza Bulegoak izango du gorabeherak edo liskarrak gertatzen direnean prebentzio- eta prestakuntza-ekintzak diseinatzeko ardura, bide diziplinazkotik aurreikusitako isunekin osatuko direnak. Neurri horiek kirolariei, familiartekoei edo klubetako entrenatzaileei zuzenduak egongo dira eta elkarrizketak edo entrenamendu-saioetan bertan egindako tailerrak izan daitezke. Nafarroako Futbol Federazioak, bere aldetik, lortutako erregistroen analisia egingo du eta Bitartekotzako Bulegoarekin koordinatuko da, ondorengo esku-hartzeen antolaketa eta garapenerako.
Datuen analisiari dagokionez, 2017/2018 denboraldian jokatzeko gelditzen diren partiduen amaieran ebaluazio-erregistro bat gauzatuko da, talde bakoitzeko entrenatzaileak eta dagokion epaileak osatuko dutena.
NFFak emango ditu ezagutzera programaren aplikazioaren emaitzak denboraldi amaieran eta, ordutik aurrera, 2018/2019 denboraldian jarraitu beharreko prozesua zehaztuko da.