Sexologian aditu den www.dred.com britaniar webguneak Europar Batasuneko herrialdeetako bizilagunek gure sexualitatea nola bizitzen dugun aztertu du. Aipatu ikerketan, besteak beste, gure ohitura, lehentasun eta fantasia sexualak aztertu dira.
Jarrera sexualei dagokienez, adibidez, Europako biztanleok bat egiten dugu gustukoen dugun jarrera edo posturarekin: txakurrarena. Inkestatutako hiritarren % 35arentzat aipatu jarrera da gustukoena. Europarrok gustukoen dugun bigarren posizioa misiolari ezagunarena litzateke (% 23). Jarraian, behizainarena, goldearena, 69 eta goilararena aurkituko lirateke. Aho-sexua, adibidez, sailkapenaren zazpigarren postuan azaltzen da. Txakurraren posizioa da gizon zein emakumeen lehen aukera; bigarrenean, berriz, aldeak daude: behizainarena gizonentzat eta misiolariarena emakumeentzat.
Baina gauza bat da egiten duguna eta bestea egin nahiko genukeena. Zentzu horretan, ikerketak fantasia sexualak ere aztertu ditu. Posizioen kontuan gizon eta emakumeen artean alde handirik ez bada ere, fantasien kontuan ezin da gauza bera esan. Gizonezkoen kasuan, gehien aipatzen dena sexu anala da eta emakumezkoen kasuan, berriz, harremanak mahai baten gainean egitea da gehien aipatzen den fantasia. 69 posizioa zutik egitea da sarritan aipatzen den fantasia.
Jarrera edo postura berriak saiatzeko inspirazio-iturriei dagokienez, gizonezkoen % 53k pornografia aipatzen du. Emakumezkoen kasuan kopurua % 19raino jaisten da.