Bilboko Udalak gazteek kultura kontsumitzeko dituzten ohiturak ezagutzeko prozesu parte-hartzaile bat jarri du abian. Horrela, martxoan zehar lau saio burutuko dira 20 eta 26 urte bitarteko 18 gazterekin osatutako lantaldearekin. Egitasmo horren lehen faseak “Arriaga gaztetu” izena du eta, izenak dioen bezala, Arriaga Antzokia izango du ardatz. Bertan burutuko dira, hain zuzen ere, aipatu lau topaketa horiek. Topaketa horien xedea, entzute aktiboaren eta partaidetza zuzenaren bidez, gazteen kultura-kontsumoko ohiturak zeintzuk diren erakutsiko duen erretratua lortzea da. “Arriaga gaztetu” egitasmoaren kasuan, xedea gazteek Arriaga Antzokiaz dute iritzia jakitea da.