Drogen inguruko Plan Nazionalarekin bat eginez, Nafarroako Gobernuko Osasun Sailak bereziki gazte eta nerabeei zuzendutako “Ohi dena edatea gehiegi izan daiteke. Ezagutzen dituzu zure mugak?” izeneko kanpaina garatu du azken asteetan. Pasa den azaroaren 15ean Alkoholik gabeko Nazioarteko Eguna ospatzen zela eta, abian jarri zen aipatu kanpaina eta gazteen artean graduazio altuko edari alkoholdunen kontsumoa ekiditea da bere xede nagusia.
Alkoholaren kontsumoa guztiz barneratuta dago gure gizartean baita gazteen artean ere. Sozializazio- eta aisialdi-eredu nagusiek, kasu gehienetan, alkoholaren kontsumoa barneratzen dute eta gazteek eredu horiek errepikatzeko joera azaltzen dute. Horregatik, gai horren inguruko hausnarketa sakona beharrezkotzat jotzen dute erakunde publikoek. Nafarroan garatzen den kanpainan, adibidez, gazteen artean izan ohi den gehiegizko alkohol kontsumoarekiko tolerantzia salatu nahi da eta, aldi berean, kontsumo horrek gazte horiengan zein inguruko pertsonengan izan ditzakeen kalteen berri eman ere. Izan ere, kanpainiaren arduradunek salatzen dutenez, sarritan pertsona helduek gazteak ikusten dituzte alkohola kontsumitzen eta beste alde batera begiratzeko jarrera hartzen dute.
Nafarroan zein estatu mailan garatzen ari diren kanpainek pertsona helduek gazteengan duten eragina dute ardatz. Izan ere, txikitatik, gazteok alkoholaren kontsumoa normaltasunez ikusi dute eta, ondorioz, nerabetasunean oso zaila izan ohi da normaltasun-ideia hori iraultzea.
Nafarroan garatutako kanpainak, neurri batean, ideia hori barneratu nahi du gazteen artean eta, horretarako, arriskutsutzat jotzen diren kontsumoen erreferentzia taula bat garatu da. Bertan, osasunarentzat kaltegarria ez den alkoholaren kontsumoa izan badela onartzen bada ere, pertsona bakoitzaren arabera kontsumo txiki horiek ere izan ditzaketen kalteak zerrendatzen dira. Gehiegizko kontsumo jarrai batek zuzenean eragin ditzakeen kalteen artean, besteak beste, honako hauek aipatzen dira: istripuak, harrapakaketak, erorketak, borrokak, bikotekidearekin arazoak, nahi ez diren haurdunaldiak… Aipatu kontsumo horrek, gainera eragin kronikoak ere eragin ditzake. Izan ere, alkoholaren kontsumoa 60 gaixotasun baino gehiagorekin erlazionatzen da, fisikoak zein mentalak.