Orain inoiz baino garrantzitsuagoa da neurriekin asmatzea

Errepideetako tunel luzeen antza izan dute azken asteek, batez ere kurbak dituzten horiena. Aurreraka gindoazen, baina iluntasuna dela-eta polikiago eta erreferentzia gutxiagorekin, amaiera oso argi non zegoen jakin gabe. Badirudi heldu garela, argi zantzu batzuk ikusi direlako, baina ezin dugu gehiegi erlaxatu. Gutxien espero denean errepidean istripuak izatea erraza baita.

COVID-19aren agerraldiaren eta alarma egoeraren aurretik ere gazteok bizi genuen lan errealitatea ez zen onena: batez besteko orokorra baino langabezia-tasa altuagoa (% 9,9 eta % 18,9koa, hurrenez hurren), soldata exkaxak, prekaritatea ohiko lankide, emakumeek pairatutako soldata-arrakala eta segregazio horizontala, beka eta praktiken gehiegizko erabilera, gainkualifikazioa, autonomo faltsuak, lanaldi partziala, ordu estrak, behin-behinekotasuna… 2008ko krisi ekonomikoaren ondorioei erantzuteko diseinatutako politiken emaitza zen egoera hori eta azken asteotan gure bizitza errotik kolokan jarri duen birusak ez du lagundu. Orain inoiz baino garrantzitsuagoa da neurriekin asmatzea.

Izan ere, EUSTATek kaleratutako azken datuen arabera Euskadin 141.715 pertsona daude langabezian, 2019ko maiatzean baino ia 28.000 pertsona gehiago. Kolpe hori, beste behin ere, 25-34 adin-tarteko gazteek pairatu dute gehien. Martxoaren erdialdetik ia 30.000 aldi baterako enplegu-erregulazioko espediente (ABEEE) aplikatu dira eta 185.000 pertsonek pairatu dituzte zuzenean eraginak, Euskadin dauden langileen ia % 30ak. Ezin ahaztu zeharkako eragina pairatu duten guztiak eta informazio faltak sortutako estresa. Ia hiru hilabetez negozio asko itxita egon dira eta autonomoek esfortzu handia egin behar izan dute pertsiana ez jaisteko.

Horregatik da hain garrantzitsua ezarri diren neurriei jarraipena ematea eta ABEEEak ez daitezela enplegu-erregulazioko espediente (EEE) bihurtu edo baldintza ekonomikoak direla eta langileen lan egoera ez dadila prekarizatu, euren soldatetan ez dezan eragin edo ez daitezen itxi enpresa hauek. Egia da deseskalatzea hasi denetik hainbat euren lanpostuetara itzuli direla eta hori albiste ona dela. Baina argi zantzuek ez gaitzatela itsutu. Aurreko krisitik zerbait ikasi dugula pentsatu nahi dut.

Hainbat errealitate plazaratu dira eta neurriak diseinatzerakoan guztiak kontuan izatea ezinbestekoa da. Orokorrean diru-iturrietan beherakada bat eman da eta, ondorioz, laguntza eskariak nabarmenki igo dira gazteen artean. Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta (RGI deitua) jasotzeko, esaterako, apirilean 74 eta maiatzean 68 eskari gehiago. Egoera hori larriagoa da 2020ko lehen hiruhilekoan eskariak jaisten ari zirelako. Eta Caritas bezalako elkarteek azpimarratu dute ere babes sare horiek eskariari erantzuteko zailtasunak izan ditzaketela egoerak honela jarraituz gero.

argi zantzuek ez gaitzatela itsutu. Aurreko krisitik zerbait ikasi dugula pentsatu nahi dut.

Horren ondorioz alokairua ordaintzeko arazoak izan dituzte hainbat gaztek. Berez alokairua ordaintzeko esfortzua egin behar badugu, egun are gehiago. Kasu batzuetan ordainketa atzeratzea adostu da eta neurri ona izan daiteke, egoera gehiegi luzatzen ez bada edo gazte horiek diru-sarrera gabe geratzen ez badira. Hori gertatuz gero gazte horiek egin beharreko esfortzua gehiegizkoa izango zen. Horrek, beste behin ere, gazteon emantzipazioa errazteko eta bideragarri egiteko neurriak behar direla erakutsi du. Erregulazioa behar da alokairuaren merkatuan, baita ikasle pisuetan ere.

Hainbat dira epe laburrean saihestu beharrekoak. Lanpostuak sortzerakoan ez da soilik kopurua buruan izan behar, horien kalitatea eta baldintzak bermatzea ezinbestekoa da, besteak beste, autonomo faltsuen gorakada, beka eta praktikak lanpostuak betetzeko erabiltzea edo lanpostuen prekarizazioa ekiditeko. 2018ko datuen arabera, publiko diren azkenak, 16 eta 24 urte bitarteko gazteek 1.711 lan istripu arin eta 12 larri izan zituzten. Zoritxarrez, heriotza bat ere izan zen. Kalitatezko lan ikuskaritza aldarrikatzen dugu horrelakoak gerta ez daitezen eta emakumeek pairatzen duten egoera kaxkarragoa zuzentze aldera berdintasun-planak garatzea.

Bizi izan ditugun asteak ez ahaztea garrantzitsua da, aurreko krisietan bizitakotik ikastea eta inor atzean ez uztea. Arazo asko azaleratu dira eta neurrietan zenbait kontu zeharkakotasunez landu behar dira, irtenbide bat bilatzeko asmoz beste arazorik ez sortzeko. Besteak beste genero- eta aniztasun-ikuspegia, baita gazteria bera ere. Soilik horrela lortuko dugu helburua: eraginei eta kalteei ahalik eta azkarren erantzutea ondorioak minimizatzeko.

Maialen Olabe
EGKko presidentea

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.