Gernuari atxiki orgasmo bat simulatzeko

Zuetako nork ez du izan plazer sentsazio hori, denbora luzez gogoari eusten egon ondoren, azkenean, komunera iritsi eta pixa egitea lortzen denean? Askorentzat sentsazio hori orgasmo baten antzekoa da eta, izan ere, azken hilabeteetan joera sexuala bilakatu da. ‘Peegasm’ (pee + orgasm) izenarekin ezagutzen da eta plazera eragiten duen arren, uste daitekeena baino arriskutsuagoa da.

Antza denez, gero eta gehiago dira gernuari atxiki ondoren txiza egiteak eragiten dien plazera ikusita, gernua nahita atxikitzea erabakitzen dutenak orgasmo bat simulatzeko. Jakina, maskuria husteak nekez eragin dezake benetako orgasmo bat, baina egia da lortzen den sentsazioa oso atsegingarria izan daitekeela. 

‘Peegasm’ delakoaren jatorria sare sozialetan aurkitzen omen da. Emakume batek foro batean idatzi zuen denbora luzez gernuari atxikitzen egon ostean azkenean txiza egitea lortu zuenean plazer handia lortu zuela eta plazer hori orgasmo baten antzekoa zela azaldu zuen. Berehala iruzkin horrek hainbat erantzun jaso zituen eta guztiek, nolabait, gauza bera esaten zuten: gernua atxikitzen egon ondoren txiza egiteak orgasmoaren antzeko sentsazioa eragiten du.

Printzipioz sentsazio hori gizonek zein emakumeek lor dezaketen arren, badirudi emakumeen kasuan plazer-maila handiagoa dela. Izan ere, maskuria beterik dagoenean inguruan dituen zenbait organotan presioa eragiten du. Horien artean bagina eta klitoria aurkituko lirateke. Aldi berean, ez da ahaztu behar gernubidea bera zona erogeno bat dela.

Arriskutsua

Kontua da ‘peegasm’a joera bilakatu dela eta gero eta gehiago omen dira komunera joateko aukera izanik, gernuari atxikitzeko erabakia hartzen dutenak ondoren ‘orgasmo’ bat izateko. Baina kaltegabea dirudien praktika hori hainbat arazo eragin ditzake. Gernua atxikitzeak, nahita zein halabeharrez komunera joateko aukerarik ez dagoelako, txizari ezin eustea eta giltzurruneko infekzioa bezalako patologiak eta maskurian eta gernubidean kalteak eragin ditzake.

Horregatik, halabeharrez ez bada, gernuari atxikitzea saihestu behar da. Adituen esanetan, egunean 6-8 aldiz egin beharko genuke txiza, baina, noski, kopuru hori hartzen dugun likido kopuruaren araberakoa izango da. Hori bai, kosta ahala kosta, denbora luzez gernuari atxikitzea ekidin behar dugu.

Eta orgasmo bat lortu nahi bada, egokiena horretarako bideratuta dauden praktiketara jotzeko aukera duzu beti: masturbazioa edo beste pertsona batekin sexu-harremanak izan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.