Zenbait ikerketen arabera, Interneten diren edukien % 40 inguru eduki pornografikoak dira. Internetek hainbat pertsonei doako pornografiaren kontsumorako ateak zabaldu dizkie eta, horri esker, horietako askok euren behar sexualak asetzen omen dituzte. Gaur egun, pertsona horien kopurua oso garrantzitsua dela baieztatzen dute hainbat adituk, batez ere, gizonezkoen artean (pornografia kontsumitzaile handiagoak omen dira). Eta, ondorioz, sexu-orientazio berri baten sorreraren aurrean izan gaitezkeela dirudi, pornosexualitatea izenekoa, hain zuzen ere. Orientazio hori guztiz berria izango litzateke, azken finean, ikasitako jarrera bat baita eta, gainera, ez du beste gizaki baten beharrik. Adituen ustez, gehiegizko pornografia-kontsumoa egiten duten pertsonek pornosexualak bilakatzeko aukera handiak dituzte euren garunek sentikortasuna galtzen dutelako. Pertsona horiek plazer sexuala bakartasunean lortzen dute eta, ondorioz, sexu-harreman ‘arruntak’ izateko arazoak ere izan ditzakete. Pornografia beste pertsonekiko dugun sexu-grina ordezkatzera irits daiteke eta ondorioz, pornosexualek nahiago dute euren ordenagailuaren aurrean jartzea beste pertsona batekin horrelako harreman bat izatea baino.
Adituen ustez, pornografia-kontsumitzeak ez du zertan negatiboa izan behar. Izan ere, pornografia sexuaren inguruan ikasteko baliabide nagusia izan da hainbat pertsonentzat, euren gorputza ezagutzeko eta baita bikotekideari plazera ematen ikasteko. Hori bai, pornografia-eredu guztiak ez dira ‘osasuntsuak’ eta, bizitzako beste hainbat esparrutan bezala, gakoa neurritasunean datza. Adituen ustez, pornosexualitatea nagusiki pertsona gazteen artean emango litzateke, txikitatik Internet erabili dutelako eta, ondorioz, pornografia bere hezkuntza sexualaren gakoetako bat izan delako.