Prest da Nafarroako II Plan Estrategikoaren zirriborroa

Euskarabideak Euskararen II Plan Estrategikoaren zirriborroa aurkeztu dio Euskararen Nafarroako Kontseiluari. Aipatu Plan estrategikoaren lanketa 2019-2023 legealdiko Nafarroako Gobernurako Programa Akordioan jasotako puntuetako bat zen. Plan berriaren xedea da Nafarroako hizkuntza politikari esparru ordenatu, koherente eta ebaluagarri bat ezarriko dion plangintza estrategikoa ematea. Horretarako, aurreko Plan Estrategikoan ezarritako ildoak mantenduko dira.

Ildo estrategikoak

Zirriborroan jasotzen diren ildo estrategikoek jarraipena emango diete aurreko legealdian ezarritakoei. Alde batetik, euskararen erabilera soziala sustatuko da aisialdian, kirolean, komunikabideetan, kulturan, sare sozialetan, teknologia berrietan, arlo sozioekonomikoan eta abarretan. Bestetik, Nafarroako herritarrek euskaraz ikasi eta ikasteko eta helduaroan euskara ikasteko aukera berdintasunean izateko baliabideak bermatuko dira. 

Hirugarren ildo bat administrazioari lotuta dago: bertako langileen hizkuntza-gaitasuna hobetu nahi da herritarrei zerbitzua euskaraz eman ahal izateko.

Gobernuaren xedea da euskara balio positiboekin lotzea “gizarte askotariko batean kohesio sozialerako elementu gisa”. Horretarako sei ardatz definitu dira: euskararen gizarte erabilera, hiztun berriak, zerbitzu publikoak, adostasun soziala, euskara eragile ekonomiko gisa eta hizkuntza esparrua. Guztira proposatu dira sei helburu orokor (ardatz bakoitzeko bat), 42 helburu zehatz eta 201 proiektu, eta 30 adierazle definitu dira, dagokien jarraipena eta ebaluaketa egiteko.

Hiritarren ekarpenak

Dokumentua jendearen eskura jarri da Gobernu Irekiaren Atarian eta bertan izango da hiritarren ekarpenak jasotzeko datorren azaroaren 11ra arte. Behin ekarpenak jasota behin-behineko Plana osatuko da eta, berriz ere, Euskararen Nafarroako Kontseiluari aurkeztuko zaio. Aurreikuspenak betetzen badira Euskararen II Plan Estrategikoa urte amaiera baino lehen onartuko da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.