Archives of Sexual Behaviour aldizkariak berriki argitaratu duen azterlan baten arabera, bikote heterosexualek eta harreman egonkorra ez duten pertsonek gero eta harreman sexual gutxiago dituzte. Estatu Batuetan egin den ikerketaren emaitzak (Declines in Sexual Frequency among American Adults, 1989-2014) gurea bezalako gizarte batean aplika daitezkeela adierazten dute adituek. Paradoxikoki, gure gizartea azken hamarkadetan izan den gizarterik sexualizatuena da eta, ondorioz, sexua edo izaera sexuala duten edukiak gure egunerokotasunean gero eta ohikoagoak dira.
Ikerketaren arabera, azken hiru hamarkadetan gero eta sexu-harreman gutxiago izateko joera nagusitu da eta, bereziki, azken bi hamarkadetan. Adituen ustez, joera hori Interneten oldarrarekin areagotu da. Horrela, batez beste, duela 20 urte baino hamar aldiz gutxiago praktikatzen omen dugu sexua.
Ikerketak azpimarratzen duenez, gizarte garatuenetan bakarrik bizi diren pertsona helduen kopurua biderkatu egin da eta pertsona horiek sexu-harreman gutxiago izateko joera dute. Ikerketaren arabera, jende askok kontrakoa uste badu ere, ezkongabeek sexu-harreman gutxiago izan ohi dituzte.
Ikerketak dioenez, hainbat kasutan, sexu-harremanen beherakada oso nabaria denean, sexua zerbait ez-ezinbesteko izatera pasa daiteke. Ondorioz, gero eta pertsona asexual gehiago daudela hauteman dute zientzialariek. Etorkizunean, sexurik gabeko ugalketa uste dena baino komunagoa izango dela aurreratzen dute adituek.