Zure telefonoa behar ez bezala funtzionatzen hasten bada, ziurrenik, arazo teknikoren bat izango du. Baina baliteke SIM txartela klonatu izana ere; eta, hala bada, arazo handi bat duzu. Izan ere, gero eta gehiago dira SIM Swapping izenarekin ezagutzen den iruzur kasuak. Funtsean, oso teknika erraza da: gaizkileek zure SIM txartela klonatzen dute eta horri esker zure banku kontuan sartzeko beharrezkoak diren kodeak jaso ditzakete SMS mezuen bidez. Gaur egun, banku askok kodeak SMS bidez bidaltzen dituzte segurtasun-neurri gisa hainbat eragiketa egin ahal izateko.
Horregatik, deiak eten egiten badira edo estaldura bat-batean desagertzen bada, egokiena zure konpainiaren zerbitzu teknikoarekin harremanetan jartzea da. Telefonoa galdu edo lapurtu badizute, lehenbailehen jarri beharko duzu salaketa.
Iruzur hori egin ahal izateko, aldez aurretik gaizkileek biktimaren hainbat datu bildu behar dituzte. Horretarako, normalean ‘phising’ teknika erabili ohi dute eta horretarako, spam emailez, Whatsappez eta SMS mezuez baliatzen dira. Sarritan, horietan esteka bat izaten da eta hori sakatuz gero, gailuan informazioa lapurtzen duen programa bat instalatzen da.