Amaitu da BBK Mendi Film zinemaldiaren XVII. edizioa. Norvegiako ‘Songs of Earth’ lanak irabazi du Jaialdiko Sari Nagusia. Marta Gómezek eta Paula Iglesiasek, berriz, zuzendari onenen saria ‘Flying hands’ lanagatik.
Antolatzaileak pozik azaldu dira abenduaren 6tik 15era bitartean izan den BBK Mendi Film Bilbao Bizkaia programarekin. Izan ere, ezagutzera eman diren datuen arabera, 9.837 ikuslerekin, inoiz izan den ediziorik arrakastatsuena izan da. Jaialdiaren barruan urtean zehar hainbat hiritan izan diren emanaldiak aintzat hartzen badira, berriz, ikusleen kopurua 23.000 gorakoa izan da. Izan ere, Mendi Tour programazioaren barruan 50 udalerritan antolatutako saioetara 13.000 ikusle baino gehiago gerturatu dira
XVII. edizioa
Aurtengo Mendi Film Bilbao Bizkaia jaialdiaren barruan 23 zinema-saio programatu dira eta horietako hamarretan aretoak guztiz bete dira. Euskal Herriko eta Estatuko ordezkariez gain, Japonia, Pakistan, Australia, Estatu Batuak, Kanada eta Europako hainbat herrialdetako ordezkariak ere izan dira gure artean. Horiez gain, mendia ardatz duten beste zenbait zinemaldietako ordezkariak ere izan dira Bilbon, hala nola Herbehereetako Dutch Mountain Film Festivaleko kideak eta Heerlen hiriko batzorde instituzionala, Koreako Ulsan-Ulju zinemaldiko eta Mendi Federazioko ordezkaritza, Kanadako Banff zinemaldia, Poloniako Krakow zinemaldia, edota Bordeleko Les Quais de L’Aventure zinemaldia.
Aurtengo edizioak, gainera, zenbait une hunkigarri izan ditu. Adibidez, inaugurazio ekitaldian Kazuya Hiraide eta Kenro Nakajima alpinista japoniarrei omenaldia eskaini zitzaien. Hiraide uda honetan bertan zendu zen K2 mendian izandako istripu baten ondorioz. Omenaldi-ekitaldian alarguna Shoko Etoh eta seme-alabak.
Harrera beroa ere izan dute Aniqa Bano emakume ekintzaile pakistandarrak, Erri de Luca idazle italiarrak, eta hainbat zuzendarik: Eliza Kubarska, Bertrand Delapierre, Kenji Tsukamoto, Luke Kaneb, Marco Zingaretti, Mateo Maggi, Cristiana Pecci, Vincent Groos, Yohan Guignard, Pierre Cadot…
Irabazleak
Esan bezala, jaialdiko sani nagusia Margreth Olinek zuzendutako ‘Songs of Earth’ lanarentzat izan da. Zuzendari onenaren saria, berriz, Marta Gómezek eta Paula Iglesiasek partekatu dute elkarrekin zuzendutako ‘Flying hands’ lanagatik.
Beste sarien irabazleak honako hauek izan dira:
- Gidoi onenaren saria: Marco Zingaretti, ‘L’etá Sperimentale (Italia)
- Argazkilaritza onenaren saria: Jérome Tanon, ‘Of a lifetime’ (Frantzia)
- Epaimahaiaren saria: Dominic Gill eta Nadia Gill, ‘Planet Walker’ (AEB)
- Soinu banda onenaren saria: Maja Karlsonn Mikkelsen, ‘The last observers’ (AEB)
- EiTB saria euskarazko lan onenarentzat: Mikel Lizarralderen ‘Zazpi’
- Mendiko film onenaren saria: Eliza Kubarska, ‘The last expedition’ (Polonia/Suitza)
- Eskaladako film onenaren saria: Kenji Tsukamoto, ‘Ashima’.