Udazkenean Gasteizko naturaz gozatzeko jarduerak

Ingurugiro Gaietarako Ikastegiak hainbat jarduera programatu ditu udazkenerako, herritarrak Gasteizko eta inguruko biodibertsitatera hurbiltzeko

Ingurumen Gaietarako Ikastegiak (CEA-IGI) jarduera-programa zabala programatu du udazken honetarako. Guztira, 47 proposamen programatu dira herritarrak Gasteiz inguruko natura hurbiltzeko. Programazioaren barruan erakusketak, hitzaldiak, tailerrak eta natur ibilbideak izango dira, guztiak Eraztun Berdearen balioak nabarmentzera eta hiriak eskaintzen duen inguruneaz gozatzera bideratuak.

Jarduera horietarako izen-emateak jada zabalik daude eta honako bide hauen bidez egin daitezke:  udalaren webgunean, 010 telefonoan eta Atarian, gizarte-etxeetan eta kiroldegietan.

Programazioa

Udazkeneko egitarauak hiru erakusketa programatu ditu Ataria zentroan. Lehenengoa, Aranzadi Zientzia Elkartearen “Polinizatzaileak greban” izenekoa, datorren urriaren 20ra arte izango da ikusgai. Ondoren, urriaren 25etik aurrera Kikute Elkarteak antolatutako “Araba Click” erakusketa ikusi ahal izango da. Azken erakusketa, Sara Luna, Eli Díez eta Edurne Maionaren “Logaritmikoa. Zentzumen-erakusketa. Udazkena” azaroaren 19tik aurrera ikusi ahal izango da.

Hiru ere dira Atarian programatu diren hitzaldiak. Urriaren 11n Alba Giol CarreñokOndare immateriala eta jasangarritasuna hiri-testuinguruetan” izenburua duen hitzaldia eskainiko du. Azaroaren 16an, Delia Rodríguez-Orozek “Lurrikarak, arrisku sismikoa barne hartuta” hitzaldian sismologiaren oinarrizko kontzeptuak jorratuko ditu, Euskadin izan diren lurrikara esanguratsuenen berri emanez. Azkenik, azaroaren 23an, Kati Leaxek eta Estitxu LarreakBidaia Iratira – Bertako emakumeen lorratzak” hitzaldia emango dute.

Tailerrak eta ibilbideak

Tailerren eskaintza zabalagoa izango da, guztira, 12 tailer programatu baitira. Adibidez, urriaren 5ean, Olarizuko Lorategi Botanikoan, Zerynthia elkartearen eskutik, gaueko tximeletak behatzeko aukera izango da. Urriaren 12an eta 13an, hegaztien migrazioetan sakonduko duen “Salburua, migrazio-pasagunea eta negua igarotzeko tokia” ikastaroa eskainiko dute Brian Webster-ek eta Norber Fuentek.

Beste proposamen interesgarri bat urriaren 26an eta 27an Felipe Cózar-ek eskainiko duen “Erreportaje-argazkigintza eskuko telefonoarekin” ikastaroa izango da. Horiez gain, urritik abendura bitartean ‘Mikologiaren hastapenak, udazkeneko perretxikoak’ jarduera egingo da. Horren baitan, ostiraletan lantegia eta larunbatetan irteera egingo dira. 

Natura-ibilbideen eskaintza ere askotarikoa da. Guztira, Gasteiz eta bere inguruneko aberastasunak ezagutzeko aukera emango duten 13 ibilbide programatu dira. Adibidez, urriaren 3an eta 4an, “Egunsenti basatia” izeneko txangoan Salburuako orein handiak ikusteko aukera izango da. Urriaren 5ean, berriz, “Gaueko sekretuak” ibilbidea eskainiko da Izkiko Parke Naturalaren basoan, animalia gautarren bizitza ezagutzeko. Urriaren 18an ere gaueko ibilbide bat eskainiko dute Ixileku Elkarteko kideek, gauez ibiltzeak naturaren atsedena hautemateko eta lasaitasunarekin konektatzeko.

Azaroaren 9an, Monasterioguren eta Okina lotuko dituen ibilbidea egingo da udazkenean pagadiek eskaintzen dituzten koloreez gozatzeko. Azaroaren 16an, berriz, “Bioabenturak – Udazkena hezegunean” izeneko txangoa eskainiko da.

Familientzako jarduerak

Familia-jarduerek ere leku garrantzitsua dute programazioan. Txikienentzat diseinatutako hainbat proposamen eskainiko ditu Atariak, hala nola “Hartz zuria bizi den tokia”, urriaren 6an, gehiegizko kontsumoak ingurunearen narriaduran eragiten duen inpaktua ezagutzeko; “Txorientzako janlekuak”, abenduaren 21ean, birziklatutako edota berrerabilitako materialarekin txoriei janaria eskaintzeko etxetxoak egiteko; edo, hiru egunetan (urriak 5, azaroak 2 eta abenduak 7) eskainiko den “Mokoak, hankak, lumak” tailerra.

Programazio hori osatuko duten beste ekintza batzuk ere izango dira. Hala nola, urriaren 17tik 19ra, Basaldea Enpresa Agroekologikoen Zentroan (Abetxuko) egingo den Elikaduraren Gizarte XVII. Topaketa eta ‘Egunez egun landutako biodibertsitatea’ Estatu mailako XXV. azoka, urriaren 19an, , Basaldean eta Abetxukuko Ikastolan.