X-ek (Twitter) esteketako lerroburuak kendu ditu

Musk-ek dio sare sozialaren estetika hobetzeko neurria dela, baina helburu nagusia da erabiltzaileek zuzenean argitaratzea, estekarik gabe.

Elon Muskek aldaketak egiten jarraitzen du Twitterren, orain X. Plataforman egindako azken aldaketak esteken titularrak edo lerroburuak ezabatuko ditu. Orain arte, erabiltzaile batek artikulu bat zuen web gune baterako esteka bat partekatzen zuenean, artikuluaren titularra erantsitako irudiaren ondoan agertzen zen. Aldaketa berriarekin, lerroburua ez da azalduko eta esteka bat partekatzen denean, irudia bakarrik azalduko da, inolako testurik gabe.

Horrela, erabiltzaileek eskuz idatzi beharko dute, hala nahi izanez gero, titular edo lerroburu hori. Neurriak, gainera, atzeraeraginezko izaera izango du eta, ondorioz, orain arte argitaratu diren eta esteka bat duten txio guztiek titularra galdu eta irudi bakarra erakutsiko dute. Hainbat kasutan, txioak irudiarekin bakarrik geratu dira eta horrek nahasmena eragin du erabiltzaileen artean, estekarik ez duten txio arruntak baitirudite.

Plataformatik azaldu denez, neurri hori sare sozialaren estetika hobetzeko hartu da. Adituen ustez, berriz, helburu nagusia da erabiltzaileek zuzenean plataforman argitaratzea, estekarik gabe. Modu horretan, edukiak plataforman zuzenean kontsumituko lirateke eta ez beste web gune edo plataformetan.