Artearekiko interesa dute 17 eta 35 urte bitarteko gazte arabarrek dagoeneko irekita dute ‘Gazte Sortzaileak’ bekaren edizio berrirako hautagaitzak aurkezteko epea. Beka Gasteizko Udalak eta Arabako Foru Aldundiak sustatzen duten ekimena da eta gazteek euskaraz egiten duten sorkuntza sustatzea du helburu. Proposamen onenek, aholkularitza profesionala jasotzeaz gain, 4.000 euroko dirulaguntza jasoko dute horiek gauzatu ahal izateko.
Beka honetara, ikus-entzunezko, antzerkiko, musikako, bertsolaritzako, bakarrizketako, poesiako edo performanceko proiektuak dituzten sortzaile gazteak aurkez daitezke.
2015. urteaz geroztik, Arabako 26 gaztek beren proiektu artistikoak gauzatzeko aukera izan dute beka horiei esker. Laguntza honek euskarazko programazio kulturalean eragin nahi du eta, horretarako, gazteek gazteentzako sortutako jarduerak laguntzen ditu. Bekaren bidez, nagusiki, ahozkotasunean oinarritutako sorkuntza laguntzen da.
Bi kategoria
Laguntza bi atal ditu, adinaren araberakoak. Lanak aurkezteko epea zabalik izango da datorren uztailaren 15era arte. Lanak Herritarrei Laguntzeko Bulegoetan edo telematikoki Udalaren egoitza elektronikoaren bidez aurkez daitezke.
Pasa den urteko bekaren irabazleak Iker Agirre, Alejandra Bueno, Aitor Martínez Vinagret eta Aitor Anda izan ziren. Agirrek (‘Goizetik neke’), Andak (‘Plazak plazara!’) eta Buenok (‘Ezohikoak’) ikus-entzunezko proiektuak aurkeztu zituzten eta Martínezek, berriz, ‘Kokito eta India’ ikuskizuna.