Irakurketa denbora: 2 Minutu
Iruñeko Udalak 2025ean hiriko haur eta gazteentzako aisialdi eta denbora libreko jarduerak garatzen dituzten irabazi-asmorik gabeko erakundeentzako dirulaguntzen deialdia jarri du martxan. Deialdia apirilaren 22ra arte egongo da zabalik. Udal ekimen honen helburua da, ezagutza, harremana eta bizikidetza bultzatzen duten proposamenen bidez, 0 eta 30 urte bitarteko haur eta gazteen parte-hartze aktiboa sustatzea.
Diruz lagunduko diren egitasmoek haur, nerabe eta gazteen zuzeneko inplikazioa sustatu beharko dute jardueren diseinuan eta antolaketan, baita adierazpena, sormena, autonomia, konpromiso soziala eta elkartasuna bezalako jarrera eta gaitasunen garapena ahalbidetu ere.
Deialdia
Deialdiaren oinarriak udal webgunean daude eskuragarri, non baldintzak, betebeharrak eta balorazio irizpideak jasotzen diren. Erakunde eskatzaile bakoitzak urteko programa bakar baterako dirulaguntza jaso ahal izango du. Programa hori Iruñean garatu beharko da, nahiz eta hiritik kanpo egiten diren jarduera batzuk ere onartu ahal izango diren, parte-hartzaileengan esperientzia positiboak sortzen badituzte.
Ezinbesteko baldintza da erakundeak helbide soziala eta fiskala Iruñean izatea eta proposatzen dituen jarduerak izaera irekikoak eta 0-30 urte bitarteko biztanleriari zuzenduak izatea. Erakunde bakoitzak aurkeztutako eta onartutako aurrekontu osoaren % 90 arte jaso ahal izango du, baina diru-laguntza ezingo da 10.000 eurotik gorakoa izan.
Eskaerak baloratzeko, erakunde eskatzailea (15 puntu arte) eta proiektuaren kalitatea (85 puntu arte) hartuko dira kontuan. Erakundeari dagokionez, bere antzinatasuna (5 puntu arte), dituen baliabide material, giza-baliabide eta ekonomikoak (5 puntu arte) eta lantaldea (5 puntu arte) ebaluatuko dira.
Proiektuaren kalitate teknikoa baloratzeko, oinarriak (5 puntu), helburuak (5 puntu), hizkuntza eta irudien erabilera inklusiboa (5 puntu) eta zailtasun handiagoak dituzten haur edota gazteen parte-hartzea (10 puntu) aztertuko dira. Halaber, jardueren izaera irekia eta lurraldearen ezagutza sustatzea (10 puntu), eta genero berdintasuna, aniztasunaren errespetua, elkartasuna, adiskidetasuna eta balio antzekoak bultzatzea (15 puntu) baloratuko dira.
Azkenik, haur, nerabe eta/edo gazteen parte-hartzea jarduerak diseinatu, martxan jarri eta ebaluatzeko prozesuan (10 puntu), baliabideak (5 puntu), planifikazioa eta ebaluazio-adierazleak (5 puntu), sareko lana beste erakunde batzuekin (10 puntu) eta 2030eko Garapen Iraunkorreko Helburuetan (GIH) egindako lana (5 puntu) ere kontuan hartuko dira.








