Aurten ere, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundiek batera antolatu dituzte aurtengo udalekuen kanpaina, Udalekuak 2022. Aurreko urteetan bezala, kanpainak programa ludikoen eskaintza zabala eskainiko du Euskadiko haur eta gazteentzat.
Ezagutzera eman denez, hiru lurralde historikoetako 7 eta 13 urte bitarteko 3.973 gaztek parte hartu ahal izango dute. Astebeteko txandak izango dira, uztailaren 1etik 29ra bitartean. Udalekuen prezioa 135 eurokoa izango da.
Gipuzkoak 1.010 plaza eskainiko ditu, Arabak 1.695 eta Bizkaiak 1.268. Plazen % 5 hezkuntza-premia bereziak dituzten nerabeentzat izango dira.
Udalekuen xedea da aisialdia sustatzea, autonomia eta bizikidetza bultzatzea, ingurune bakoitzaren ohiturak eta kultura-baliabideak ezagutzera ematea eta euskara aisialdiko jardueretan komunikazio-hizkuntza gisa bultzatzea.
Hizkuntzari dagokionez, eskainitako ia plaza guztiak (3.688) euskaraz izango dira eta beste 285 elebidunak. 7 eta 8 urte bitarteko haurrentzako plaza guztiak, adibidez, euskaraz izango dira; 9 eta 11 urte bitartekoen kasuan, eskaintzen diren 2.235 plazetatik 2.070 euskaraz izango dira eta 165 elebidunak. Azkenik, 12-13 urtekoentzat 1.280 plaza eskainiko dira; horietatik 1.160 euskaraz eta 120 elebidunak.
EAEn eta Nafarroan
Udalekuak 2022 programa Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan diren instalazioetan garatuko da. Bizkaian honako aterpetxeak izango dira: Gorliz, Lapurreketa (Dima), Lurraska (Ajangiz), La Arboleda (Trapagaran), Meakaur (Morga) eta Legasa (Bertiz- Arana). Gipuzkoan, berriz, hiru aterpetxe izango dira: Orio, Hondarribia eta Zarautz. Araban ere beste hiru izango dira (Barria, Zuhatza eta Espejo) eta kopuru bera izango da Nafarroan (Arantza, Bertiz eta Igantzi).
Instalazio horietan guztietan parte hartu ahal izango dute hiru lurraldeetan erroldatuta dauden haurrek, diputazioen artean plazak trukatzeko aukerari esker. Parte hartzaile bakoitza erroldatuta dagoen lurraldean inskribatuko da.
Programaren barruan hainbat jarduera burutu ahal izango ditute gaztetxoek: bisitak museotara, ihes-gela (La Arboledan), txalaparta, birziklapen-tailerra, mitologiari buruzko gauak, gynkanak, mendi-ibilaldiak, eskalada, rapel, tirolina, arku-tiroa, paintball, arborismoa, orientazio-jokoak, Laser Tag, segway bidezko jokoak, jaitsierak mendiko bizikletan, arraunketa, piragua, zaku-pilen jaitsiera, pedaloia, optimist, wind surfa, disc golfa edo pilota, kirol-zelaiak, herri-kirolak …
Bizkaian izena emateko epea zabalik izango da martxoaren 17ra arte. Gipuzkoan apirilaren 4an zozketa egingo da martxoaren 21 eta 29 bitartean izena eman duten horien guztien artean. Araban, berriz izena emateko epea martxoaren 21ean zabalduko da eta 30era arte egongo da zabalik.