‘Sexu’ hitza latinetik dator: sexus hitzatik eta hau ‘secaretik’, moztu edo banatu esan nahi duena.
K.a. 380. urtean Platonek maitasunaren jatorria topatu asmoz “Banketea” liburuan honako pasarte hau idatzi zuen: “Historiaren hasieran hiru izaki mota zeuden: gizonak eguzkia jatorri zutenak, emakumeak Lurra jatorri eta hermafroditak ilargia jatorri zutenak. Izaki horien itxura borobila zen: lau esku, lau oin, buru bat, bi aurpegi desberdin eta bi sexu-organo. Gizonak bi zakil zeuzkan, emakumeak bi alu eta hermafroditak alu bat eta zakil bat. Oso pozik bizi ziren eta hain harroputz sentitzen ziren ezen jainkoekin liskar bat izatea erabaki zuten. Orduan, Zeusek bere jarrera zigortzeko, izaki borobilak erdibitu zituen. Horrek ahulago bihurtu zituen izaki erdi bakoitzak beste erdiaren falta sumatzen zuelako. Hori horrela izanda, izakia gizona izan bazen, bizitza osoa pasako zuen bere pertsona osatzen zuen beste gizonezkoaren bila, emakumea izan bazen beste emakumea bilatuko zuen eta gizaki hermafrodita izanez gero emakumeak gizona eta gizonak emakumea bilatuko zuen. Horrela bi hanketan ibiltzen ikasi zuten. Zeusek banaketa honen ondorioz azaldutako zauriak sendatzeko soberan zeuden azalak lotu eta korapilo bat egin zuen (zilborra) eta buruari buelta eman zion beti ikus genezakeen moztuta gaudenaren seinale.”
Beraz, sexua moztuta esan nahi du eta pertsona sexudunak garenez beste pertsonak bilatzen ditugu: maitatzeko, desiratzeko, elkarrekin bizitzeko…
Ez dakit historiaren zein momentutan pasa ginen izaki borobilak izatetik laranja izatera. Hala ere diotena diotela ni ez naiz inoren erdia, ni osoa naiz. Ez dakit izaki moztua naizen, laranja edo limoia baino osoa naizela argi daukat. Eta zu?
Ziortza Carranza (Sexologoa)