Zeren beldur gara?

Beldurra izaki guztiok dugun berezko sentimendu bat da. Beldur izatea atsegingarria ez bada ere, beldurra biziraupenerako funtsezkoa da, arrisku edo mehatxu baten aurrean ohartzen gaituelako. Arazoa, beldur hori sortzen duen egoera edo horren aurrean ematen dugun erantzuna gehiegizkoa denean sortzen da. Zentzu horretan, ez da gauza bera beldur izatea edota izu-ikaratuta egotea. Beldurrak erantzun bat emateko prestatzen gaituen bitartean, izu-ikarak geldiarazten gaitu eta, ondorioz, kalte egiten digu.

Gizakiok hainbat egoeren aurrean beldur izaten gara, batez ere, ezagutzen ez ditugun gauzen aurrean. Horregatik, agian, heriotza da, nolabait, beldur gehien sortarazten digun elementu edo gertaera. Beste behin, heriotzari diogun beldurra eta hiltzera diogun beldurra bereizi beharko litzateke.

Heriotza ulertzen

Heriotzari diogun beldurra ulertzeko dugun moduaren araberakoa izango da. Heriotza kontzeptu edo ideia moduan uler dezakegu, hots, zerbait abstraktua bailitzan, edo prozesu baten azken emaitza moduan uler dezakegu (hiltzea). Lehenengo moduan, badirudi heriotza besteei jazotzen zaien zerbait dela. Bigarren moduan, berriz, garbi izan behar dugu guztiok pasa behar dugun zerbait dela. Hil egingo garela, edo maite dugun norbait hil egingo dela, norberak bere esperientzien prismatik bizi behar duen prozesua da, eta noski, bizi dugun gizartean nagusi den kulturaren araberakoa izango da hein handi batean.

Gure kasuan, ohikoena heriotza bazter batean ahaztuta izatea da. Ez dugu heriotzaz hitz egiten gertutik tokatzen zaigun arte. Heriotza ezeztatzen duen gizarte batean bizi gara eta gai tabua dela ere esan daiteke. Horrek, noski, bere ondorioak ditu. Alde batetik ez gaude heriotzari aurre egiteko prestatuta. Heriotza gertutik pasatzen denean ez dakigu zer egin eta babesgabe sentitzen gara. Bestalde, hiltzearen prozesuari uko egitean, prozesu horretan murgilduta dauden pertsonak ere baztertu egiten ohi ditugu.

Hiltzeari diogun beldurra, hilzorian diren pertsonek duten emoziorik ohikoena omen da, baina baita egoera honetan ez diren hainbat pertsonena ere. Inolako gaixotasunik ez duten hainbat pertsonen artean beldur hau oso hedatua dago eta, seguruenik aipatu dugun tabu izaera hori dela eta, askok ez dute honen berri ematen.

Beldurraren erabilgarritasuna

Esan bezala, beldurra ez da oso emozio-esperientzia atsegina baina, era berean, oso erabilgarria izan daiteke. Jada aipatu den bezala, kaltegarria izan daitezkeen elementu edota esperientzietatik urrun mantentzeko balio digu. Ildo horretan, beldurrak etorkizunerako prestatzeko ere balio digu. Beldurrari esker, gertatzeke diren esperientziak gure imajinazioan bizi ahal ditugu eta horrek, errealitatean gertatzen direnerako balio digu.

Heriotzari diogun beldurra bi ezaugarrietara lotuta dago. Alde batetik, ezin diogu heriotzari izkin egin. Gizakiak gara hil egingo garela dakigun animalia bakarrak. Bestalde, bakartasunari ere beldur diogu. Inork ez du bakarrik hil nahi. Hil egingo garela garbi izateak bizitzari beste moduko zentzu bat emateko balio du.
Heriotzaz pentsatzea ez dago gaizki, baina beti ere obsesio bilakatzen ez den heinean. Zenbait kasutan, heriotzari diogun beldurra bizitzeari beldur izatera pasa daiteke.

Zeren beldur gara?

Zygmunt Bauman poloniar soziologoak, “Beldur likidoa” saiakeran, gure gizarteen nondik-norakoak baldintzatzen dituzten beldurren inbentarioa egiten du, eta besteak, beste, heriotza, imajinaezina dena eta globalizazioak ekar ditzakeen ondorioak aipatzen ditu. Baumanen ustez, gure gizartean beldurra nagusitzen ari da: krisi ekonomikoak izango dituen ondorioak, gero eta gehiago ematen ari diren hondamendiak, eraso terroristak…