1.200 gaztek baino gehiagok parte hartu dute Beldur Barik lehiaketan

12 eta 20 urte bitarteko gazteen ikus-entzunezko lanak saritzen dituen lehiaketaren azken gala Artziniegan izango da azaroaren 29an

1.200 gaztek baino gehiagok parte hartu dute hiru foru aldundien eta EUDELen laguntzarekin Emakundek antolatzen duen Beldur Barik lehiaketaren aurtengo edizioan. Guztira, 256 ikus-entzunezko lan aurkeztu dira eta horietatik guztietatik 190 hautatuak izan dira lehiaketan parte hartzeko. Parte-hartzaileen % 58 neskak izan dira, % 37 mutilak eta % 5 beste identitate batzuekin identifikatzen diren gazteak.

Adinari dagokionez, lan gehienak 15-17 urte bitarteko gazteek aurkeztu dituzte. Horietan jorratu diren gaien artean honako hauek izan dira gehien errepikatu direnak: estereotipoak (aurkeztutako lanen % 27), edertasun-kanonak eta gorputzak (% 13), gizarte- eta talde-presioa (% 12), eta kaleko indarkeria (% 10).

Egoera horien aurrean parte-hartzaileek planteatutako erantzunak ahizpatasunean (% 23), erantzun kolektiboan (% 22), ahalduntze indibidualean (% 21) eta “BB” izenarekin ezagutzen diren eguneroko estrategietan (% 18) oinarritu dira. Bizkaia izan da Beldur Barik lehiaketara proposamen gehien aurkeztu dituen lurralde historikoa.

Beldur Barik Topaketa

Aurtengo edizioari amaiera emango dion Beldur Barik Topaketa azaroaren 29an izango da Artziniegako udal pilotalekuan. Azken gala hori 17:00etan hasiko da, Oliba&Antxoa MJren musikarekin. Programak, 18:00etatik aurrera Kultur Etxean izango diren batukada feminista eta tailer ezberdinak barne hartzen ditu. Horien artean nabarmentzen dira Libe Osaren “Autoezagutza tailerra”, Lexlie Ortegaren “Dantza kolektiboaren plazerra”, Malen Pazosen “Ikusi gure mezua” eta Jibaia Arrietaren “auto(re)TRATU”.

19:00etan hasiko den sari-banaketa gala, Leo Bueriberi eta MELek aurkeztuko dute.