20: Jainkoaren zenbakia izango al da?

Azken hamabost urteetan, ohiko Rubik kuboaren irtenbidea, gutxienez 18 mugimendutan zela uste izan da, baina ez zegoen kopuru zehatzaren inguruan segurtasun handirik. Uda honetan, berriz, Kent University-ko ikertzaile batzuk behin betiko kopurua lortu dute Google-en laguntzari esker. Ikerketa honen arabera, ohiko Rubik kuboaren irtenbide edo soluzio unibertsala hogei mugimendutakoa da. Ez gehiago ezta gutxiago ere.
Ikerketaren abiapuntuan, britaniar ikertzaileak kuboaren hasierako konfigurazioan 100.000 aldaera baino gehiago izan zitezkeela ohartu ziren. Era berean, irtenbideak ezin zituen 15 eta 19 mugimendu bitartean izan. Hala ere, zenbait konbinazioetan, 20 mugimendu nahikoa dira kuboa behar bezala uzteko, eta horregatik, ikertzaileek kopuru horri ‘Jainkoaren zenbakia’ izena jarri diote.
Davidson irakasleak, ikerketa taldearen buruak hain zuzen ere,  azaldu duen bezala, orain arte gutxieneko mugimendu kopurua ‘sinismen erlijioso’ kontua izan da, inork ezin izan baitzuen tope hori frogatu. Horregatik, BBC Portaltic-en jasotzen den bezala, ikerketa hau hastea erabaki zuen, beti ere, gutxienez 21 mugimendu beharko zirenaren ustearekin.
Ikerketa errazagoa izan zedin, Davidsonek zuzendutako taldeak aukera guztiak 2.200 milioi taldetan banatzea erabaki zuen, talde bakoitzak 20.000 milioi posizio desberdin zituelarik. Hasieran, bikoiztu zitezkeen aukera guztiak deuseztatu zituzten eta ‘simetria’ ere erabili zuten ‘antzeko’ konbinazioak murrizteko. Gauzak horrela, taldeak hasiera kopuru itzelatik 56 milioi konbinazio posible isolatu zituen. Murrizketa hau, noski, ez zen nahikoa eta murrizketa handiagoa egiteko ordenagailuek denbora gehiegi ematen zutenez, Google-era jo zuten laguntza eske.
Google eta bere super-ordenagailua
“Oraindik ez dakigu zein nolako makina erabili zuten”, onartu du Davidsonek, baina garbi dago prozesamendu horretarako super-ordenagailu bat behar dela. Google-ek lortutako emaitzak ikusita, ikertzaileak ziur dira ‘kopuru magikoa’ 20 dela.

Idatzi zure iruzkina

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.