30.000 urtetako piercing-ak genitaletan

Ikerketa baten arabera, Goi Paleolitikoko gizonek jada piercing-ak eta tatuajeak egiten omen zituzten beren zakiletan

Estatuko ikertzaile talde baten arabera, gaur egun hain modan diren piercing falikoek antzinako gauza dira. Aipatu ikertzaileek jada prest duten eta datozen asteetan ‘The Journal of Urology’ aldizkarian argitaratuko den artikuluaren arabera, Goi Paleolitikoko gizonek jada piercingak eta tatuajeak egiten omen zituzten beren zakiletan. Baieztapen eztabaidagarria izan badaiteke ere, ikertzaileek hainbat aztarna aurkitu dituzte Europan zehar, batez ere, duela 38.000 eta 11.000 urte bitartean doan garaikoak.

Ikerketaren arabera, itxura falikoa duten 42 aztarna aurkitu dira. Horietako hogeitamarretan, hots % 71,4tan, helburu apaingarria omen zuten zulo eta ebakidurak aurkitu dira. Ikertzaileen aburuz, “aurkitu diren aztarnen diseinuak ebakidura, piercing eta tatuajeei dagozkie”.

Homo Sapiens

Ikerketan parte hartu duen ikertzaileetako bat Getafeko Unibertsitate Ospitaleko Javier Angulo da. Angulo aurrehistorian aditua den urologoa da eta aurkitutako aztarnak defendatzen ditu gaur egungo zenbait herri edo kulturetan ikus daitezkeen ohituretan oinarrituta. “Gaur egun, badira zakileko azala desitxuratzen duten zenbait indiar tribu. Goi Paleolitikoan Homo Sapiensak bizi ziren, gu bezalakoak, eta haiek ere apaintzea zuten gustuko” azaldu du Angulok.

Ikerketan parte hartu ez duten beste aditu batzuek zalantzan jarri dituzte baieztapen horiek guztiak. Horrela, Madrilgo Unibertsitate Autonomikoko Aurrehistoriako katedraduna den Javier Baenaren iritziz, “gai horiek beti aburuen esparruan mugitzen dira”. Baenaren ustez, egin diren baieztapenak ontzat emateko, 10.000 urte baino gehiago dituen zulatutako zakil bat aurkitu beharko litzateke aztarnategi batean.

Ezinezko gauza badirudi ere, 1991an Alpeetako glaziar batean aurkitutako 5.300 urte zituen gorpuan tatuajeak aurkitu ziren.