Musika industriari eta ekoizpenari buruzko tailerra

Bilborocken programazioa igande goizetako kontzertuekin, tokiko musika-talentuak laguntzeko ekimen batekin eta emakumeen arteko kontzertu/tertuliekin osatuko da

Bilboko Bilborock Aretoak ‘Musika industriako eta musika-ekoizpeneko tailerra’ programatu du martxotik apirilera bitartean. Tailerra 18 eta 30 urte bitarteko gazteei zuzentzen zaie eta hiru orduko iraupena duten zortzi saioetan parte-hartzaileek musika-ekoizle izateko beharrezkoak dituzten tresnak eta ezagutzak bereganatuko dituzte. Tailerra amaitu ostean ikasitako guztia erakutsia ahal izango dute Bilborocken bertan izango den emanaldian.

Tailerra

Musika-industriari buruzko saioak Sac Barriosek irakatsiko ditu. Sac Kvndy Swing-eko sormen-zuzendaria, kultur ekitaldien sustatzailea eta Trvp Aveneu Bilbao-ren sortzailea da Barrios.

Musika-ekoizpeneko saioak, berriz, Paul Sanchez ekoizle bilbotarrak irakatsiko ditu. Sanchezek, besteak beste, Kvndy Swing, Eliluminari, Yvng Vene, Yassir eta GARZI artistekin egin du lan.

Parte hartu ahal izateko, 18 eta 30 urte artean izan behar dira, eta Bilbon bizi edo ikasi. Izena emateko formularioa otsailaren 7tik 20ra bitartean bete behar da. Parte-hartzaileek 20 euro ordaindu behar dituzte gordailu gisa; tailer guztietara badatoz, itzuli egingo zaizkie.

Programa gehiago

Bilborockek programazio zabalagoa eskainiko die hiriko gazteei ‘Igandays’, Freskure-Bilbao Fresh Musika’, ‘Bideo-klipa’,‘Femme Bilbao’, ‘Imaginautak’ eta ‘Gazte egunak’ programekin.

Igandays publiko gazteari zuzendutako goizeko kontzertuen zikloa da. Hilean behin izango dira, martxoan hasita, eta 13:00etatik aurrera. Sarrerak 5 euroren truke erosi ahal izango dira (7 euro lehiatilan).

Freskure-Bilbao Fresh Musika ekimenak lehen urratsak ematen ari diren tokiko musikariei beren lanak erakusteko guneak eskaintzea du helburu. Horretarako urtean zehar bost kontzertu antolatuko dira.

Bideo-Klippa! Talde eta bakarlari gazteek euren musika-bideoklipak plataforma digitalez bestelako espazio batean aurkezteko programa berria da.

Femme Bilbao egitasmoan, bi musikarik, bata gaztea eta bestea beteranoa, tertulia/kontzertu bat partekatuko dute eta bertan beren esperientzia pertsonalak azalduko dituzte.

Imaginautak izen bereko kultur elkarteak antolatzen duen proiektua da. Bertan, diziplina ezberdinetako artista gazteek beren lanak partekatu ahal dituzte.

Azkenik, “GazteEgunak” ekimenak 18 eta 35 urte bitarteko pertsonei eta taldeei formatu txikiko jarduerak edo ekitaldiak antolatzeko aukera doan eskaintzen die. Berritasun gisa, otsailaren amaieratik aurrera, Bilborocken erabilera askotako aretoak bitarteko egokiak izango ditu bertan egiten diren ekitaldi guztiak streaming bidez ikusi ahal izateko.