Porno izarraren ustezko maula

Lana Rhoades porno izar ohia sare sozialetatik desagertu da token ez-suntsigarriak (NFT) salduz milioika dolar irabazi ostean

Arte digitala, milioika dolar, ustezko maula bat eta porno izar bat. Zenbait istoriok osagai bereziak dituzte bereziki erakargarri izateko. Kasu honetan, porno aktore ohi ezagun batek, ustez, 1,8 milioi dolarrekin ihes egin du. Aktorea Lana Rhoades da eta dirua NFT (Non Fungible Tokens edo Token Ez-Suntsigarriak) salduz lortu ditu CryptoSis proiektuaren barruan.

NFTak benetako objektuak (artea, musika edo bideo-jokoetako pertsonaiak eta elementuak) ordezkatzen dituzten aktibo digitalak dira. Gaur egun mugimendu handia duen merkatua da eta token horien komertzializazioa eta inbertsioa kriptomoneten bidez egiten da.

Ustezko maula

Duela zenbait aste, pornografiaren munduan oso ezaguna den Lana Rhoades porno aktore ohiak bere proiektuaren berri eman zuen: CryptoSis. Proiektuak NFT sorta bat eskaintzen zuen aukera interesgarriekin jarraitzaileentzat. Adibidez, erosleek, arte digitalean inbertitzeaz gain, Lana Rhoadesekin txat pribatuetan aritzeko, aktoreak sinatutako merchandisinga lortzeko eta bestelako abantailak lortzeko aukera izan zezaketen. Ez hori bakarrik, inbestitzaile guztien artean zozketa bat burutu behar zen eta irabazleak Hego Afrikara bidaiatzeko eta Lana Rhoades bera aurrez aurre ezagutzeko aukera izan zezakeen.

Proiektuak oihartzun handia lortu zuen oso denbora laburrean eta inbestitzaileen kopurua modu azkarrean hazi zen. Gauza bera gertatu zen CryptoSis proiektuaren sare sozialetan: TikTok kontuak, adibidez, 50 mila jarraitzaile lortu zituen 48 ordutan.

Lortutako arrakastari esker, oso denbora laburrean egitasmoak 1,8 milioi dolar biltzea lortu zuen.

Eta orduan, Lana Rhoadesek ke-bonba izenarekin ezagutzen dena egin zuen: desagertu.

Lortutako fondo guztiak proiektutik atera eta sare sozialetako bideo guztiak ezabatu ditu. Espero zitekeen bezala, horrelako egoera batean CryptoSis-eko NFTen balioa hondoratu da. Asko dira engainatuak izan direla salatu duten pertsonak. Hor da, adibidez, bi seme-alaba dituen eta langabezian den gizon baten kasua: zituen 6.000 dolarretatik 4.000 CryptoSisen inbertitu zituen.

Pornografia munduan aritzen den Mia Malkovak azaldu duenez, Rhoades ez da desagertu. Atsedenaldi bat hartu du sare sozialetan pairatzen zuen jazarpenetik ihes egiteko. Azalpen horrek, noski, ez du engainatuta sentitzen diren inbestitzaileen haserrea baretu.