Komikiak egiten dituzten emakumeen inguruko hitzaldi zikloa

Ignacio Aldecoa Kultura Etxeak komikiak egiten dituzten emakumeei agerikotasuna emateko lau hitzaldi antolatu ditu

Martxoan eta apirilean zehar Gasteizko Ignacio Aldecoa Kultura Etxeak komikiak egiten dituzten emakumeei agerikotasuna ematea helburu duen hitzaldi zikloa hartuko du. Horietako batzuk, bere gidoiekin eta pertsonaiekin XX. mendeko espainiar komikigintzaren irudia aldatu zuten.

Lehen hitzordua martxoaren 9an izango da eta bertan, pasa den mendeko 40ko eta 50eko hamarkadan emakumeentzako aldizkarietan aritu ziren lehen idazle eta ilustratzaileak izango dira protagonista: Lola Anglada, Elena Fortún eta Francis Bartolozzi.

Bigarren hitzaldia martxoaren 23an izango da eta, kasu horretan, 1960ko hamarkadan ziren emakumeentzako aldizkariak izango dira protagonista. Gainera, Bruguera argitaletxeko pertsonaia femeninoek eta 70. hamarkadako komiki feministek ere beren tartea izango dute.

Apirilaren 6an 1975. eta 1984. urteen artean helduentzako komikiek izan zuten gorakada aztertuko da. Garai horretan nabarmendu ziren, besteak beste, Montse Clavé, Maricarmen Vila, Mariel Soria eta Laura Pérez Vernetti. Hirugarren hitzaldi horretan pasa den mendearen azken hamarkadatik gaur egun arte emakume komiki egileek egindako lana ere aztertuko da.

Zikloari amaiera emateko, komiki egile eta ilustratzaile Laura Pérez Vernetik hitzaldi bat eskainiko du apirilaren 20an. Verneti komikigintzan hasi zen 80ko hamarkadan El Víbora aldizkarian eta Maracaibo ezizenarekin lan egiten zuen. Bartzelonako Komiki Aretoaren Sari Nagusia irabazi du.

UPV/EHUko Ikus-entzunezko Komunikazio eta Publizitate Saileko doktore Azucena Mongek zuzenduko ditu zikloko hitzaldiak. Mongek  “Autoras en el Boom del Cómic adulto. Cómic feminista en la Historieta Española” tesiaren egilea da.