Bizkaiko feminismoaren arestiko historiari buruzko erakusketa

Datorren urriaren 6ra arte, Bilboko Zabalgune Eraikinean, eta Maite Albiz Emakumeen Dokumentazio Zentroaren eskutik, ikusgai izango da Bizkaiko feminismoaren arestiko historia errepasatzen duen erakusketa. ‘Zutik, zutik, zutik. Mugimendu feministaren historia eta memoria Bizkaian (1968-1994)’ erakusketak Bizkaian parekotasunaren alde egindako borrokaren inguruko hainbat material grafiko eta idatziren kopiak biltzen ditu.

Mugimendu feministaren historia

Erakusketak mugimendu feministaren hainbat une garrantzitsu azaltzen dituen ibilbide historikoa egiten du. 25 urteko aldia biltzen du, 1968. urtean hasi eta 1994. urtera arte. Aldi horretan, ‘bigarren olatuko’ feminismoak ‘bizitza aldatu digun’ gizarte-mugimendua jarri zuen abian: ondoezaren eta esnatzearen aldia, eztanda politiko eta antolamenduarena, eta, hura osatzen duen aniztasunetik abiatuta mugimendua finkatzeko aldia ere.

Erakusketa zenbait dokumentazio zentroetako fondoekin osatu da, baina nagusiki, Maite Albiz Dokumentazio Zentroaren materialekin. Erakusketan ikusgai daude, besteak beste: liburuak, aldizkariak, pegatinak, agiriak, argazkiak eta kartelak.

Erakusketa Mercedes Arbaiza irakasleak komisariatu du, UPV/EHUko Experiencia Moderna Ikerketa Taldearekin lankidetzan. Arbaizak berak azaldu duenez,  bisitari bakoitzarengan ‘esperientzia bat’ eragin nahi duen erakusketa bat da. Asmoa da aldi horretan borrokan izan ziren emakumeei “hitza ematea, beren keinu txikiei, beren transgresio anonimoei, erresistentzia kolektiboei eta sortzaileak izan ziren borrokei, formari, proposamen ausartei nahiz lengoaia politikoei dagokienez”. “Urte horietan mugimendu feministak hankaz gora jarri zuen mundua, baita Bizkaian ere; izan ere, izateko nahiz emakume izateak esan nahi zuena esperimentatzeko era berriak proposatu zituen, normaltasun maskulinoarekin hautsi zuelarik eta jendaurrean hitz egitea erabaki zuelarik, antolaketaren atalasetik harago joanda. Erakusketak, beraz, aitortza egiten dio Bizkaiko mugimendu feministak emakumeen eta gizonen arteko harremanak nahiz emakumeon artekoak errotik aldatu izanari”, azpimarratu du komisarioak. Erakusketa honetan ez dago jatorrizko dokumenturik.  Erreprodukzioak dira, fotokopiak, kopien kopiak, puskak eta zatiak, “gorputzetik pasa direnak”, “eta batzuetan beharrezkoa da distantziatik edo beste ikuspuntu batetik ikustea, begietsi ahal izateko”. 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.