Jone Martínez: “Demokrazia feminista izango da ala ez da izango”

Zein da Parte Hartuz ikerketa zentroak burutzen duen lana?

Parte Hartuz UPV/EHU barruan den ikerketa talde finkatua da eta, hainbat lanen artean, alda betetik, formakuntzak hornitzen ditu parte hartze eta demokraziaren inguruko master baten bidez eta, bestetik, esku hartze proiektuetan teknikari eta aholkulari lanak betetzen ditu. Ikerketa taldea den heinean, ikerketak ere burutzen ditu. Horrela, besteak beste, ondorengo lerroak azpimarratuko nituzke: nazionalismoa eta demokrazia, feminismoak eta demokrazia, demokrazia soziala eta demokrazia ekologikoa.

Demokrazia izateko hau feminista izan behar duenaren ideia defendatzen duzue. Zergatik?

Egun dugun demokrazia ordezkatzaileak ez ditu inoiz ikuspegi feministak bere gain hartu. Gaur egun ezagutzen dugun demokrazia ordezkatzailearen eredua gizon heterosexual zuriak sortutako antolaketa ekonomiko sozialerako antolaketa politikoa da. Ideia hau abiapuntutzat hartuta, egungo demokraziaren izenean patriarkatuaren sexu-genero ereduaren erreprodukzioa bermatuko genuke. Azken urteetan, demokrazia parte-hartzaileren sustapena modan jarri den gaia da baina guretzat, modu honetan ere, erreproduzituko lirateke kapital hegemoniko nagusiak, hots, kapitala duten (ekonomiko, sinboliko eta kulturala) pertsonen ereduak. Azken finean, demokrazia parte-hartzaileak birbanaketa orekatuago bat planteatzen du baina sistema patriarkalaren oinarriak ukitu gabe.

Beraz, gaur egun dugun demokrazia ereduaren gabeziarik nagusiena gizon eta emakumezkoen artean mantentzen den aldea dela baieztatzea zuzena litzateke?

Demokrazia bera, jatorriz, gabezia horrekin sortu zen. Demokraziaren inguruko teoria politiko zein soziologikoak, gehienbat, demokrazia ordezkatzaile eredu honek dituen zenbait gako enmendatzen saiatzen dira: alderdi politikoen ordezkatze maila, desafekzio politiko gero eta nabariagoa, hauteskundeetan den gero eta parte hartze eskasagoa… Emakumeen ikusgaitza hau ez da gehien planteatzen diren enmendakinen artean. Hau bada aldarrikapen bat, baina ez puntu zehatz batera, osotasunera baizik. Demokrazia kontratu sexual zehatz baten oinarrietan sortu zen eta horrek, baldintzatzen du sistema osoak izan duen garapena.

Gaur egun ezagutzen dugun demokrazia ordezkatzailearen eredua gizon heterosexual txuriak sortutako antolaketa ekonomiko sozialerako antolaketa politikoa da

Zer egin beharko litzateke sistema honetan gizon eta emakumezkoen arteko oreka lortzeko?

Horixe da, hain zuzen ere, erantzun beharreko galdera. Nik neuk gatazkan jarriko nuke abiapuntua. Demokrazia jaio zen, hein handi batean, gatazkarekin akabatzeko. Baina gatazka bera da, nire ustez, demokratizaziorako eta patriarkatuaren desaktibaziorako den tresnarik nagusiena. Gatazken bitartez mekanismo parte hartzaileak sustatzeaz gain, normalean naturaltasunez jaso diren sexu-genero harreman desorekatuak ere itaun daitezke eta bazterretatik sortutako bestelako identitate sexual eta politikoak ere gatazketan sartu. Feministok, baina baita erakundeek ere, gatazka erabili beharko genuke alor guztietan. Paradoxikoki, demokrazia gatazkekin amaitzeko sortu zen, baina demokrazia beraren demokratizaziorako gatazka aldarrikatzen da. Gatazka partzialen bidez, krisia multidimentsionala denez, berdin dio zein gatazkatik sartzen zaren, errealitateak dituen erpin guztiak ikutuko direlako.

Zer dela eta ez zaio behin betiko erantzuna eman gizon eta emakumezkoen arteko alde historiko honi?

Nik uste dut buelta ematen ari zaiola egoera horri. Feminista askok eman diote zentzua eztabaida honi; gero eta feminista gehiago daude erakundeetan, eskoletan, unibertsitatean. Feministen arteko sareak gero eta sendoagoak dira. Egoera desorekatu horri buelta asko eman ahal zaizkio eta, seguruenik zuk emango zeniokeen buelta ez da nik neuk emango niokeena. Arazoa da, gaur egun, ikusten den zein ikusten ez den botere formala gizonen esku dagoela. Gizonei ez zaie interesatzen pribilegioak galtzea eta naturalizatu egin dira hauetako asko. Pribilegio hauei guztiei uko egitea ere ez da gauza erraza.

Zein neurritaraino da emakumea status quo honen erantzule?

Emakumeok rol asko jokatzen ditugu. Emakume asko daude estatuetako erakundeetan eta, nolabait, boterearen parte ere badira. Baina emakumeok dugun boterea isilarazi nahi izan da. Emakume lesbiana beltz batek kategoriak sortzeko duen boterea edo gaitasuna gizonezko heterosexual txuri batek duen boterearekin alderatuta oso txikia da. Demokrazia nolakoa den finkatzen dutenak, bai hedabideen bidez, bai sozialki… gizonezkoak dira. Eta hori boterea da.

Zergatik du feminismoak hain prentsa txarra?

Bada egia esan, ez dakit eta ez zait inporta. Jende askok ez daki feminismoaren inguruan gauza handirik, nahiago duelako bere jakintza txoko ohikoetara mugatzea. Oraindik ere bada feminismoa mugimendu soziala ez dela baieztatzen duen jendea. Bada gizartearen sektore bat bere botere kuota mantendu nahi duena eta horren kontra egin dezakeen edozer negatibotzat jotzen dute.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.