“Zure esku ere badago” komikiak pornoaren gezurrei eta mitoei ekin die

Gasteizen egiten den komiki digitalaren helburua da gazteen artean sexualitate osasuntsu eta errespetuzkoa sustatzea.

Jada argitaratu da Gasteizko gazteen artean sexualitate osasuntsu eta errespetuzko bat sustatzea helburu duen “Zure esku ere badago” komiki digitalaren ale berri bat. Ale berria sortaren 15. zenbakia da eta esteka honetan ikus daiteke. Komiki berrian erotikaren eredu pornografikoa, pornografiaren gezurrak eta mitoak eta maskulinitate eta feminitatearen sozializazioa pornoaren bidez bezalako gaiak jorratzen dira.

Komikia Gasteizko Udalaren Gazteria Zerbitzuaren ekimen bat da eta 2015. urteaz geroztik sexualitatearekin harreman duten hainbat gai jorratu dira. Kanpainak gazteen eta haiekin lan egiten dutenen esku formatu digitaleko komikiak eta unitate didaktikoak jartzen ditu. Komiki bakoitzak gai desberdin bat jorratzen du, baina guztiak Gasteizen girotuta daude. Komiki bakoitzaren amaieran jorratzen den gaiaren inguruko zenbait galdera erantzun gabe uzten dira gazteen pentsamendu kritikoa eta hausnarketa sustatzeko.

Unitate didaktikoak ikasgeletan edo aisialdian erabil daitezke.