Eduardo Rivasek irabazi du Fotoarte 2022

Finalera iritsi diren 32 argazkiekin Gasteizko zenbait gizarte etxe bisitatuko dituen erakusketa ibiltari bat antolatuko da

Gasteizko Pilar Gizarte Etxeak aurtengo Fotoarte Argazki Lehiaketaren sari banaketa ekitaldia hartu du. Gasteizko Udalaren Kultura Zerbitzuak antolatzen duen lehiaketara 305 argazkilariren 550 argazki aurkeztu dira. Aurtengo ediziorako gaia ‘Literatura’ zen. Horietatik guztietatik epaimahaiak finalera pasatu ziren 32 argazki aukeratu zituen. Argazki horiekin, irailaren 11ra arte Gasteizko zenbait gizarte etxe bisitatuko dituen erakusketa ibiltari bat antolatu da.

Lehenengo saria Eduardo Rivasen ‘El epílogo de Moby Dick’ argazkirako izan da. Rivasek 1.000 euro jaso ditu. Vicente Sellések, berriz, Bigarren Saria jaso du, 700 eurokoa, ‘Viaje a Ítaca’ lanagatik, eta Tokiko Artistaren Saria (400 euro), berriz, Jesús Santosen ‘Entziklopedia’-k jaso du.

Epaimahaia Maialen Lacalle, Rocío López eta Maider Jiménez argazkilariek osatu dute. Aipatu hiru sari horiez gain, bi accesit banatu dira. Lehenengoa Saúl Varak jaso du ‘…Y a volar’ argazkiagatik eta bigarrena Raquel Echevarriak ‘Dicen: La mar es triste-María Manent’ lanagatik. Kasu bietan 150 euro jaso dituzte.

Antolatzaileek azaldu dutenez, aurtengo edizioan emakumeen parte-hartzea nabarmen hazi da eta parte-hartzaile guztietatik % 42 emakumeak izan dira.