Bilbok bere 722. urteurrena ospatuko du 28 esku-hartze artistikorekin

Bilboko Gau Zuria ekainaren 17an eta 18an ospatuko da hiriaren 722. urteurrenarekin bat eginez

Bilboko Gau Zuriak bere ohiko datak berreskuratuko ditu aurtengo ediziorako. Horrela, aurtengo edizioak bat egingo du Bilboren 722. urteurrenarekin eta ekainaren 17an eta 18an ospatuko da. Egun horietan hiribilduaren paisaia aldatuko duten hainbat esku-hartze artistiko izango dira.

Eskulturak, instalazio digital eta interaktiboak, usaintzeko paisaiak, abesbatzen emanaldiak eta formatu handiko joko tradizionalak bezalako jarduerek hiriko 26 gune hartuko dituzte. Horiez gain, hiriko hainbat auzo eta kale soinuarekin eta mugimenduarekin beteko dituzten bi ikuskizun ibiltari ere izango dira.

Ordutegi aldaketa

Aurtengo edizioan ordutegi aldaketa bat izango da. Hortaz, instalazioak 19:30etatik 0:30etara bisitatu ahal izango dira. Ordutegi berri horrek egitasmoaren instalazioak ere eraldatuko ditu; izan ere, edizio honetan horietako gehienak egunez zein gauez ikusi ahal izango dira.

Gau Zuriak programatuta dituen proposamen artean honako hauek azpimarra daitezke:

  • Miguel Chevalierrek diseinatutako eta Enkarnazio elizaren bobeden gainean proiektatuko den ‘Bóvedas Celestes’ instalazio digital sortzailea.
  • Tomo Estudioren ‘BI//722-345’ animazioa. Areatzako pasealekuan eskainiko den animazio horretan Hiribilduaren bilakaera ikusi ahal izango da, bere sorreratik gaur egunera arte.
  • Arriaga Plazak hainbat tamainatako 69 eguzki-lore hartuko ditu, espazio hori argiz eta kolorez betetzeko.
  • Casilda Iturrizar Parkeak, ‘Luz de salón’ izeneko esku-hartzea hartuko du. Bertan 8 metroko altuera eta 8 metroko diametroa duen tamaina handiko egongelako lanpara bat jarriko da.
  • Arte Ederretako Museoaren inguruan tamaina ezberdineko 120 lorez osatutako  ‘Blossom’ esku-hartzea ikusi ahal izango da.
  • Gas plazan ikusi ahal izango den ‘Olorama’ esku-hartzeak, berriz, zentzumen guztiak aktibatuko dizkie ikusleei.