Bilbo hobetzeko ideiak

Bilboko Udalak antolatzen duen aurrekontu parte-hartzaileak programan proposamenak aurkezteko epea maiatzaren 26an amaituko da.

Bilboko Udalaren aurrekontu parte-hartzaileen programan proposamenak aurkezteko epea maiatzaren 26an amaituko da. Bilbon erroldatuta dauden horiek beren ideiak aurkeztu ahal izango dituzte eskura jarri den online inprimakiaren bidez. Hiri osorako, barruti bakar baterako edo auzo baterako interesgarri izan daitezkeen ideiak aurkez daitezke, betiere, ideia horien garapena udalak dituen eskuduntzen barruan badira.

Ideiak aurkezteko ezinbestekoa da, norbanakoen kasuan, 16 urtetik gorakoa izatea eta Bilbon erroldatuta egotea. Bilboko Udalaren Hiritarren Partaidetzaren Entitateen Udal Erroldan diren erakundeek ere parte hartu ahal dute.

Proposamen bakoitzeko eskaera bat egin beharko da. Hau da, ezin dira ideia ezberdinak inprimaki bakar batean bidali. Ideia bakoitza garatzeko gehienezko aurrekontua 300.000 eurokoa izango da. Hots, aurrekontu osoaren % 15.

Ideia irabazleak

Ekainaren 27an eta hurrengo fasera pasatu diren ideien zerrenda argitaratuko da Udalaren webgunean. Zerrendatik kanpo geratuko dira eduki diskriminatzaileak eta/edo iraingarriak dituzten proposamenak.

Irailera bitartean Udaleko sail ezberdinek teknikoki zein ekonomikoki bideragarriak diren ideiak hautatuko dituzte. Fase hori gainditzen duten ideiak azken irailaren 15etik 25era bitartean izango den bozketa-fasera pasatuko dira. Egun horietan, Bilbon erroldatuta dauden 16 urtetik gorako hiritarrek gustukoen duten proposamenaren alde bozkatu ahal izango dute.