Enpresen ia % 75ek zibererasoren bat jasan dute

Erasorik ohikoena ‘ramsomware’ delakoa omen da, hots, enpresaren datuen bahiketa. Datuak berreskuratzeko enpresak kopuru bat ordaindu behar du.

2021. urtean, enpresen ia % 75ek, gutxienez, zibererasoren bat pairatu behar izan dutela adierazi dute. Gehien ematen diren erasoak ‘ramsonware’ izenarekin ezagutzen diren horiek dira. Datuek Microsoftek eta Marsh aholkularitzak egin duten ‘The State of Cyber Resilience’ txostenean jasotzen dira.

Pandemiaren eraginez, enpresek beren eraldaketa digitala bizkortu behar izan dute. Hainbat kasutan, eraldaketa hori, urruneko modalitateetan oinarritu da, hala nola, telelana, beren jarduerarekin jarraitu ahal izateko. Baina ikusi ahal izan denez, pandemia ostean ere eta zuzeneko lanak gero eta pisu gutxiago badu ere, enpresa asko ez dira gai zibersegurtasun arriskuak kudeatzeko.

Aipatu txostenean enpresen zibersegurtasunaz arduratzen diren 660 profesionalen iritziak jaso dira. Txostenak, hainbat arlotako exekutiboek (zibersegurtasuna, IT, arriskuen eta aseguruen kudeaketa, finantzak eta lidergo exekutiboa) zibersegurtasun arriskua nola hautematen duten aztertu du. Ondorioetan ikus daitekeenez, konpainien % 73k aitortu du 2021ean gutxienez zibereraso baten biktima izan dela. Enpresa handienek eraso gehiagori egin behar izan zieten aurre, bai kopuruari dagokionez, bai aniztasunari dagokionez. Horrela, enpresa handien % 85ek erasoren bat jasan duela dioen bitartean, enpresa txikien kasuan kopuru hori % 68ra jaisten da.

Enpresek duten mehatxurik handiena ‘ramsomware’ delakoa da. Eraso horietan gaizkileek, programa edo software gaizto baten bidez, enpresaren datuak bahitzen dituzte. Informazio berreskuratzeko enpresak kopuru bat ordaindu behar izaten du.