Gazteen hizkuntza ohituren inguruan gogoeta egiteko bideo-lehiaketa

‘Arnasetik’ bideosormen lehiaketa adinaren araberako hiru kategoriatan banatuta dago. Lanak aurkezteko epea urriaren 5ean amaituko da.

Abian da Arnasa Gara ekimenaren barruan Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak eta UEMAk antolatu duten ‘Arnasetik’ bideo-sormen lehiaketa. Lehiaketaren xedea da arnasgune diren udalerrietako 10 eta 16 urte bitarteko gaztetxo eta nerabeek beren hizkuntza ohituren inguruan gogoeta egitea.

Lanak aurkezteko epea datorren urriaren 5ean amaituko da. Sari-banaketa ekitaldia, berriz, urriaren 28an izango da, Villabonan.

Hiru kategoria

‘Arnasetik’ bideo-sormen lehiaketa hiru kategoriatan banatuta dago. Kategoriak adinaren arabera berezitu dira.

Lehenengo kategorian LH5 eta LH6ko ikasleak lehiatuko dira. Kategoria honetako parte-hartzaileek LHtik DBHra igarotzeak berarekin dakartzan emozio, hizkuntza ohitura eta egoera berriak islatu behar izango dituzte haien sormen lanetan. Kontuan izan behar da arnasgune gehienak udalerri txikiak direla eta bertako ikasleek inguruetako ikastetxe handiagoetara jo behar izaten dutela DBH mailako ikasketak egitera.

Bigarren kategorian DBH1 eta DBH2ko ikasleek parte hartuko dute. Kasu horretan, parte-hartzaileek youtuber estiloan bideo-tutorial bat egin beharko dute, Julen Portilloren bideo bat eredu izanik.

Azkenik, hirugarren kategorian, DBH 3 eta 4. mailako ikasleek Hiru Damatxok ekoiztutako bideoan agertzen diren galderei erantzuten dion bideoa sortu beharko dute, elkarrizketa irudikatuko duen formatu batean.

Kategoria bakoitzak 500 euroko sari baliokide bat izango du, eta publikoaren saria ere banatuko da, guztira 2.000 euro banatuz. 500 euroko sari baliokide bakoitza Irrisarri Land-en, Durangoko Azokako denda birtualean edo EITB-ko Goazen! eta Irabazi arte! telesailen merchandising-ean trukatu ahal izango da.