Agenda 2030 Gazte Plazan

EGK-k erakusketa ibiltari bat antolatu du udazken honetan Bilbon, Gasteizen eta Donostian gazteen artean Agenda 2030aren ezagutza sustatzeko

2030 Agendaren inguruan geure buruari galdetzen diogunean, gutariko askok klima-aldaketaren aurkako nazioarteko agendan pentsatzen dugu. Agian, berdintasunaren aldekoa edota pobreziaren kontrako agenda. Hori guztia Agenda 2030aren aurrekarietatik ikasitakoa da. Izan ere, Agenda 2030 Milurteko Garapen Helburuen ondorengoak dira. Denok ezagutu genituen 2000. urtetik 2015. urtera nazioartean lortu beharreko Milurteko Garapen Helburuak. Horien eginbehar nagusia ezberdintasunak ekidin eta pobrezia desagerraraztea ziren, eta hori da egun Agenda 2030aren inguruan dugun aurre ezagutza, baina egun bizi dugun larrialdi klimatikoaren egoerara eguneratuta.

2030 Agenda

Baina, zer da zehazki 2030 Agenda? Mundua krisian dago eta krisi horri aurre egiteko tresna bat dugu 2030 Agenda. 2030 Agenda 2015ean Nazio Batuen Erakundean (NBE) lortutako akordioa da, 17 Garapen Jasangarrirako Helburu eta 169 helburu zehatz lortzeko, 2030ean mundu bidezkoagoa, ekologikoagoa, oparoagoa eta baketsuagoa lortzen lagunduko dutenak. 193 Herrialdek sinatutako konpromisoa da berau, ikuspegi berarekin – eta bizitza iraunkor bat partekatzea- eta lehentasun berarekin: pobrezia desagerraraztea. Akordio horrek, Gobernuz, Foru Aldundiez, eta Udalez gain, enpresak, unibertsitateak, gizarte-eragileak eta era guztietako erakundeak inplikatzen ditu, baita bakarkako pertsonak ere. Labur esanda, nazioarteko komunitatearen zein tokiko komunitateen erronka berri bat da 2030 Agenda, pobrezia desagerrarazteko, giza eskubideak lortzeko, desberdintasunen aurka borrokatzeko eta planeta eta bere baliabideak errespetatzen dituen garapena lortzeko.

Gazteok ere, etorkizuneko funtsezko zati bezala eta oraina eraldatzeko eragile modura, 2030 Agendaren ezarpenean lan garrantzitsua dugu egiteko. Horretarako, Agenda 2030aren inguruko ezagutza handitu beharra dugu, Garapen Jasangarrirako Helburuek ematen dizkiguten baliabideak ezagutu eta hauek era josian erabiltzeko gaitasunak handitzeko gure elkarteetan, taldeetan eta egunerokoan.

Erakusketa ibiltaria

Horixe da Agenda 2030 Gazte Plazan proiektuaren helburua hain zuzen. Agenda 2030aren ezagutza gazteen artean sustatzea, Trantsizio Sozialaren eta 2030 Agendaren Idazkaritza Nagusiarekin elkarlanean. Horretarako EGK-k erakusketa ibiltari bat antolatu du 2022ko udazken honetan Bilbon, Gasteizen eta Donostian.

Erakusketa ibiltari horretan Garapen Jasangarrirako Helburuak zer diren ikusi eta ikasteko aukera izango dugu gazteok, gerora parte hartzen dugun espazio ezberdinetan (ikastetxeak, lantokiak, kultur elkarteak, alderdi politikoak eta abar) 2030 Agenda txertatu ahal izateko.

Erakusketa ibiltari hori Bilbon izango dugu urriaren 15etik 23ra, Gasteizen urriaren 26tik azaroaren 6ra eta Donostian azaroaren 9tik 16ra bertaratu nahi duen pertsona ororentzako. Horrez gain, erakusketaren inguruan tailer eta hitzaldi ezberdinak antolatu dira, batzuk ikastetxeei zuzenduak Unesco Etxearen eskutik, eta beste batzuk era librean parte hartzeko aukera emango diguna gazteoi. Esaterako, Moviltik-Móviles para el cambio GKE-ren eskutik errealitate birtualeko betaurrekoen bidez Agenda 2030a ezagutzeko aukera izango dugu hiru hiriburuetan.

Tailer ezberdinez gain, hitzaldiak ere izango ditugu, ekologismoa, feminismoa, berdintasuna, klima-aldaketa edota auzolanaren garrantziaz jabetzeko Agenda 2030 lortzerako orduan.

Agenda 2030aren inguruko ezagutza izatea oso garrantzitsua da gure etorkizunerako. Agenda ezagutu eta gure egunerokotasunean txertatzea beharrezkoa da, instituzioez gain, parte hartzen ditugun espazioetan GJHak betetzea pixkanaka, norbanakotik eta taldetasunetik bultzatzeko.

Aukera paregabea izango dugu horretarako erakusketa mugikorrean! Gazteok gure artean saretu eta Agenda 2030aren inguruan ikasteko. Beraz adi Euskadiko Gazteriaren Kontseiluko sare sozialei tailerrak eta hitzaldiak non eta noiz izango diren ikusi eta hauetan izena emateko.