EGK-k 2030 Agendari buruzko ikastaro bat antolatu du

Formakuntza saioak ekainaren 10ean eta 11n izango dira Bilbon eta zazpi orduko iraupena izango dute

Munduak duen erronkarik nagusietako bat pobrezia errotik ezabatzea da. Eta horretarako, ezinbestekoa da garapen jasangarri bat bermatzea. Garapen Jasangarrirako 2030 Agenda Nazio Batuak Erakundeak onartu duen ekintza-plana da eta pertsonak, planeta eta oparotasuna du ardatz. Agendak ingurumena eta  arlo ekonomikoa eta soziala hartzen dituzten 17 helburu eta 169 helmuga zehazten ditu. Horrez gain, bakea eta justizia sendotzea ere bilatzen du. Aipatu agenda hainbat erakunderen politikak zehazteko ibilbide-liburua da.

Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak 2030 Agendaren inguruko formakuntza eskaini nahi die gazteei. EGKren ustez, garrantzitsua da gazteek Agenda horren inguruko ezagutza izatea, agenda bera zer den eta zein estrategia jarraitu ahal diren bertan zehazten diren helburuak lortzeko. “Guztiok egiten dugu lan Agenda 2030a lortzeko, eta lan hori gure artean antolatu eta koordinatzeko ezagutzak garatu behar ditugu” gogoratzen dute.

Formakuntza saioak Eusko Jaurlaritzarekin batera prestatu dira eta datorren ekainaren 10ean eta 11n eskainiko dira EGKk Bilbon duen egoitzan. Zazpi ordu inguruko formakuntza izango da eta “Eskailera berri bat” izeneko programaren barruan eskainiko da.

Gai horren inguruan interesa duten gazteak EGKrekin harremanetan jar  daitezke agenda2030@egk.eus helbidera idatziz edo 688 780 178/94 443 61 43 telefonoetara deituz.