Euskadin 18 urtetik beherakoen ia % 25ek gehiegizko pisua zuen COVID-19 iritsi aurretik. Errenta txikiko familien % 30etan soilik egiten dute haurrek eta nerabeek jarduera fisikoren bat edo kirola erregulartasunez. Gainera, pandemiaren eraginez, Euskadiko haur eta nerabeek, batez beste, 37 minutu gutxiago egiten dute lo, 2017ko urtearekin alderatuta. Datu hauek errealitate bat erakusten digute: Euskadiko haur eta nerabeen obesitatea eta gehiegizko pisua gaur egungo eta etorkizuneko osasun publikoko arazo larria direla.
Save the Childrenen txosten berriaren arabera, ‘Agur dieta mediterraneoari: nutrizioa eta ohitura osasungarriak Euskadiko haurren artean’, gehiegizko pisua duten haurrek aukera handia dute obesitatea edo gehiegizko pisua duten helduak izateko, eta arrisku handiagoa dute gaixotasunak garatzeko, bizi-kalitate okerragoa izateko edo behar baino lehenago hiltzeko.
Adibidez, haurtzaroan gehiegizko pisua edo obesitatea izatea arazo kardiobaskularrekin, diabetesarekin eta nahasmendu emozionalekin (depresioa, elikadura-nahasmenduak eta autoestimu txikia) lotzen da. Gehiegizko pisuak, alde batetik, nutrizio txarrarekin du zerikusia, eta, bestetik, jarduera fisiko eskasari lotutako bizi-ohiturekin. Zenbat eta denbora gehiago pasatu pantaila aurrean, orduan eta txikiagoa da ariketa fisikoa egiteko probabilitatea, eta orduan eta handiagoa janari osasungaitzak jatekoa. Pantaila aurrean 3 ordu baino gehiago pasatzen dituzten haurren erdiak baino gehiagok ez du inoiz ariketa fisikorik egiten.
Pisuaren faktorea beste askorekin batera kontuan hartu beharreko faktorea da; bereziki, bizi-ohiturekin eta dietaren nutrizio-kalitatearekin batera. Obesitatea eta gehiegizko pisua faktore gisa identifikatzea ez da estigmatizazio gisa hartu behar, baizik eta azterketetan arreta eskaintzeko eta jarraipena egiteko adierazle gisa. Bestalde, gehiegizko pisua arrisku-faktore gisa hartzeak ez du esan nahi argaltasuna osasun onaren adierazpena denik. Uste horrek arazoak sortzen ditu aspaldidanik biztanleriaren zati handi baten osasun mentalean eta fisikoan, bereziki haurtzaroan, eta horren adierazpenik muturrekoena elikadura-portaeraren nahasmenduak dira.
Ohitura egokiak
Haurtzaroan ohitura onak hartzea bizi-asegurua da etorkizunari begira. Horretarako, Save the Childrenek zenbait aholku eta jardunbide egoki biltzen ditu txostenean. Xedea da obesitatea eta gehiegizko pisua duten haurren eta nerabeen ehunekoak iraultzea. Behar-beharrezkoa da, besteak beste, Euskadin Haurren Obesitatea Prebenitzeko Estrategia ebaluatzea, eta zergen arloan ere gogoz saiatzea. Esate baterako, osasunerako kaltegarriak diren elikagaiei fiskalitate zorrotzagoa aplikatuz, eta elikadura osasungarriari, berriz, onuragarriagoa ezarriz; izan ere, jada ikusi da funtzionatu egiten duela.
Honelako gai konplexu batean, funtsezkoa da diskurtso murriztaileak ez egitea, osasuna faktore anitzeko arloa baita. Eta pisua faktore bat da, baina ez dena. Gai horri buruz egiten diren kanpainek eta jakinarazpen publikoek argi utzi behar dute mezu hau: osasunak forma eta gorputz asko ditu, ohitura osasungarriak funtsezkoak dira, eta osasuna ez dago neurri jakin batean.