Abian da Villasound Jaialdiaren III. edizioa

Jaialdian parte hartu nahi duten musikari gazteek abenduaren 13ra arte izango dute izena emateko aukera

Bilboko Udalak antolatzen duen Villasound jaialdiak bere hirugarren edizioa ospatuko du aurten. Jaialdiaren xedea da artista gazteen sorkuntza sustatzea eta bultzatzea. Jaialdian Hego Euskal Herriko 16 eta 30 urteko musikariek parte hartu ahal dute. Horretarako, abenduaren 13a baino lehen izena eman beharko dute online. Jaialdira edozein musika generoko musikari gazteak aurkez daitezke: rocka, popa, metala, trapa, elektronikoa, folka, egile musika…

Izena emateko fasearen berri emateko azaroaren 11an kontzertu bat izango da Bilborocken. Bertan, Brava gipuzkoar bakarlaria eta jaialdiaren aurreko bi edizioetan mentoring faseetarako hautatutako bi taldeak arituko dira: Ramona´s First Evil Boyfriend eta Txopet.

Hiru fasetan

Jaialdia hiru fasetan banatuko da. Hasierako fasean, izen ematen duten horien guztien artean 12 talde/bakarlari aukeratuko dira. Hautaketa Iker Bárbarak, Lorea Argaratek, Bikendi Cadelok, María Jose Arangurenek eta Jon Hervásek osatuko duten epaimahaiak egingo du. Epaimahaiak aintzat hartuko du taldeetan emakumeak egotea eta euskarazko sorkuntzak egitea.

Epaimahaiaren erabakia 2023ko urtarrilean emango da ezagutzera eta hautatuak diren musikariek martxoan izango diren kontzertuetan parte hartu ahal izango dute. Zehazki, lau kontzertu izango dira eta horietako bakoitzean hautatuak izan diren 3 talde eta/ edo bakarlari arituko dira.

Kontzertuen fasea amaitu ostean, hamabi taldetatik sei aukeratuko dira. Talde horiek VSB-Mentoring formakuntza-programa batean parte hartzeko aukera izango dute. Aipatu programa 2023ko maiatzetik irailera bitartean gauzatuko da eta hautatutako talde edo bakarlarien behar nabarmenen arabera egokituko da, bandak bultzatzeko eta indartzeko laguntza- eta prestakuntza-programa baten bidez. Programa musika industrian aritzen diren profesionalek irakatsiko dute eta honako gai hauek jorratuko dira: sare sozialetarako edukien ekoizpena, ekoizpen teknikoa, zuzeneko interpretazioa hobetzeko eta optimizatzeko gakoak, jabetza intelektuala edo eskubideen kudeaketa eta sustapena, kontzertuak eta birak eta enpresa sustatzaileekiko harremana. Hirugarren eta azken fasea VSB Tour 2023 delakoa izango da. Beren formakuntza ibilbidea amaitu ostean, talde bat hautatuko da urtearen azken hiruhilekoan Estatuko lau hiritan bira bat egiteko.