Villasoundbilbaok sei banda aukeratu ditu ‘mentoring’ faserako

VSB mentoring fasean hautatuak izan diren artistak formakuntza espezializatua jasoko dute ekoizpen teknikoa, komunikazioa, jabetza intelektuala edo sustapena bezalako esparruetan

VillasoundBilbaok ezagutzera eman ditu jaialdiaren hurrengo fasera, mentoring fasera, alegia, pasatu diren sei artisten izenak. Hautatuak izan diren taldeak honako hauek dira: Ben Santana, Las Selvas, Laguna Goons, Tanzzzania, Alai eta Txopet. Talde horietan 15 gaztek parte hartzen dute, 4 emakume eta 11 gizon, eta taldekideen batez besteko adina 25,7 urtekoa da. Talde guztiak bizkaitarrak dira, Alai gipuzkoarra izan ezik.

VillasoundBilbao tokiko talde eta bakarlari gazteei agerikotasuna ematea helburu duen musika-programa da eta aurtengoa bere bigarren edizioa du.

VSB mentoring fasean aukeratuak izan diren sei taldeek beren jarduera profesionalizatzeko baliagarria izango duten formakuntza espezializatua jasoko dute. Maiatza eta iraila bitartean hautatuak izan diren gazteak sare sozialetarako edukien ekoizpena, ekoizpen teknikoa, zuzeneko interpretazioa hobetzeko eta optimizatzeko gakoak, jabetza intelektuala edo eskubideen kudeaketa eta sustapena, kontzertuak eta birak eta enpresa sustatzaileekiko harremana bezalako gaien inguruko trebakuntza jasoko dute sektoreko profesionalen eskutik.

Mentoring fasea amaitu ostean, sei taldeetako bat aukeratuko da hurrengo fasera pasatzeko, VSB Tour fasea, hain zuzen ere. Fase horretan, talde horrek estatuko lau hiritan kontzertuak emateko aukera izango du urtearen azken hiruhilekoan.