Munduko biztanleriaren % 52k buruko minak izaten ditu, % 5ek hilean 15 egunez edo gehiagoz izaten dute ondoeza, eta % 14k migrainak izan ohi ditu. Gainera, horrelako nahasmenduak ohikoagoak dira emakumeengan gizonengan baino.
Norvegiako Zientzia eta Teknologia Unibertsitateko ikertzaile talde batek 1961. urtetik 2020. urtera arte argitaratutako 357 argitalpen aztertu ditu munduan zefaleak duen benetako eragina aztertzeko. Pasa den apirilaren 12an ‘The Journal of Headache and Pain’ aldizkarian argitaratu zen azterlanerako, nagusiki 20 eta 65 urte bitarteko helduen berri ematen zuten artikuluak aztertu dituzte, baina zenbait kasutan, baita haurren eta pertsona helduagoen kasuak jasotzen zituzten artikuluak ere.
Oso zabalduta dagoen arazoa
Ikertzaileen ustez, munduko biztanleriaren erdiak baino gehiagok (% 52) urtebeteko aldian zefalea nahasmenduren bat izan du. Are gehiago, % 4,6k hilean 15 egunez edo gehiagoz izaten du ondoeza, % 14k migrainak izan ohi ditu eta % 26k buruko min tentsionala.
Bestalde, azken egunean nahasmendu hori izan duten pertsonen berri jaso zuten 12 ikerketetatik ondoriozta daitekeenez, egileen ustez, munduko biztanleen % 15,8k jasan du zefalea kasuren bat, eta ia erdiek migraina baten berri ematen dute (% 7).
Zefalea mota guztiak ohikoagoak omen dira emakumeen artean gizonen artean baino, bereziki migrainak (% 17 eta % 8,6, hurrenez hurren) eta 15 egun edo gehiagoko iraupena duten buruko minak (% 6 eta % 2,9).
Nahasmendu hauen berri emateko aldizka ‘The Lancet’ aldizkarian argitaratzen diren azterlanek jada jasotzen zutenez, buruko min edo zefalea tentsionala eta migrainak dira munduan prebalentzia gehien duten bigarren eta hirugarren gaixotasunak.
Ikertzaileek onartzen dute aztertu dituzten artikulu gehienak herrialde aurreratuetan egindakoak direla, osasun-sistema aurreratuak dituztenak.