Abian da VillaSoundBilbao jaialdiaren bigarren edizioa

Epaimahaiak aukeratu dituen 12 talde eta bakarlariak martxoaren 18tik apirilaren 8ra bitartean arituko dira Bilborocken

Datorren martxoaren 18an martxan jarriko da Bilborocken VillaSoundBilbao jaialdiaren bigarren edizioa. Bilboko Udalak antolatzen duen jarduera horren xedea da 16 eta 30 urte bitarteko gazteen sorkuntzak bultzatzea eta sustatzea. Aldi berean, ikusleei musika-proposamen ezberdinak eta egungoak eskaini nahi zaizkie.

Epaimahaiak aukeratu dituen hamabi talde eta bakarlarietatik sei onenak aukeratuko dira VSB Mentoring formakuntza-programan parte hartzeko. Aipatu programa maiatza eta urria bitartean gauzatuko da eta horren bidez taldeak eta bakarlariak bultzatu eta sustatu nahi dira, beren jarduera profesionalizatzeko beharrezkoa duten tresnak eta aholkularitza espezializatua emanez. Programn musika industrian aritzen diren profesionalek irakatsiko dute eta honako gai hauek jorratuko dira: sare sozialetarako edukien ekoizpena, ekoizpen teknikoa, zuzeneko interpretazioa hobetzeko eta optimizatzeko gakoak, jabetza intelektuala edo eskubideen kudeaketa eta sustapena, kontzertuak eta birak eta enpresa sustatzaileekiko harremana.

Aurtengo edizioa urte amaieran amaituko da VSB Tour-arekin. Izan ere, formakuntza-programa amaitu ostean talde edo bakarlari bat hautatuko da Estatuko lau hiritan kontzertuak emateko.

Aurtengo ediziorako 106 talde eta bakarlarik eman dute izena, aurreko edizioan izandako kopuru bera. Epaimahaiak aukeratu dituen 12 finalistetatik 7 bizkaitarrak dira, 4 gipuzkoarrak eta 1 arabarra.

Martxoaren 18an izango den kontzertuan Laina (Gipuzkoa), Ben Santana (Bizkaia) eta Night Demonz X Locoalien X Inix (Araba) taldeak arituko dira. Martxoaren 25ean, berriz, Las Selvas, Laguna Goons eta Txopet talde bizkaitarren txanda izango da. Hirugarren kontzertuan apirilaren 1ean izango da eta bertan izango dira Catch & Soul (Bizkaia), Tanzzzania (Bizkaia) eta Alai (Gipuzkoa). Lehen fasea hau apirilaren 8an amaituko da Sara Azurza (Gipuzkoa), Supercremalleras (Bizkaia) eta Kyxo (Gipuzkoa) taldeen kontzertuarekin.