Gasteizko Udal Antzoki Sarearen denboraldi berriak 28 ikuskizun eskainiko ditu

Udaberrian, besteak beste, Tricicleko Carles Sans, Carlos Hipolito, Josep Maria Pou eta Albert Plaren azken lanak ikusi ahal izango dira

Gasteizko Udal Antzoki Sareak 28 antzerki, dantza, musika eta opera ikuskizun programatu ditu udaberriko denboraldirako. Horietako gehienak (22) Principal Antzokian izango dira eta besteak gizarte etxeetan izango dira ikusgai ‘Jim Aktual’, ‘Ikuskizuna Ibaiondon’ eta ‘Dantza Sarean’ zikloen barruan.

Euskaraz hiru ikuskizun izango dira. Maiatzaren 18an Tartean konpainiaren ‘Ez doc ero’ ikusi ahal izango da Principal Antzokian. Ekainaren 16an, berriz, Les Bebé Bobèren ‘(H)Ondoko gela’ izango da Félix Petite Antzokian. Azkenik, Arriaga Antzokiak eta Udal Antzoki Sareak elkarlanean garatu duten ‘Erresuma’ lanaren euskarazko bertsioa ikusi ahal izango da ekainaren 9an Josep María Pou aktorearekin.

‘Helduentzako antzerkia’ abonamenduaren barruan bost izango dira eskainiko diren lanak. Lehena ‘Erresuma’ lanaren gaztelaniazko bertsioa izango da (‘Reino’). Hitzordua ekainaren 10ean eta 11n izango da. Hori baino lehen, apirilaren 22an eta 23an, Antzerki Klasikoko Konpainia Nazionalak ‘Lo fingido verdadero’ lana eskainiko du. Lluis Homar izango da zuzendaria eta Israel Elejalde protagonista. Maiatzean hiru izango dira ikusgai izango diren lanak. Maiatzaren 5ean Pont Flotantek ‘Acampada’ lana aurkeztuko du. Bi egun beranduago, maiatzaren 7an, Carlos Hipólitoren ‘Oceanía’ lanaren txanda izango da eta azkenik, maiatzaren 26an, Miguel Ángel Muñoz eta Cuca Escribanoren ‘El síndrome del copiloto’ lana ikusteko aukera izango da.

Gizarte Etxeetako programazioa

Gizarte Etxeek bi antzezlan hartuko dituzte ‘Jim Aktual’ zikloaren barruan: Exlímite konpainiaren ‘Los Remedios’ maiatzaren 6an eta David Espinosaren ‘Conferencia espectacular’ maiatzaren 12an.

‘Umore giroan’ zikloaren barruan beste hiru antzezlan programatu dira. Lehena ekainaren 17an Ron Lalák eskainiko duen ‘Villa y Marte’ izango da. Hurrengo egunean, Tricicle taldeko Carles Sansek ‘Por fin solo’ antzezlana aurkeztuko du. Azkenik, Teatro del Barrio konpainiak, Olga Iglesias eta Nerea Perez de las Herasen eskutik,  ‘Cómo hemos llegado hasta aquí’ lana antzeztuko du.

Musika

Musikari dagokionez, hiru izango dira Principal Antzokian eskainiko diren kontzertuak. Lehenengo kontzertua maiatzaren 11an izango da eta bertan Gasteizko Udal Musika Bandak ‘Carpe Diem’ lana aurkeztuko du. Maiatzaren 21ean, Albert Plak ‘¿Os acordáis?’ ikuskizuna aurkeztuko du eta, astebete beranduago, ‘Poetak maiatzean’ zikloaren barruan, Juan Valderramak ‘Mujeres de Carne y Verso’ lana aurkeztuko du.

Opera ikuskizun bat ere izango da, maiatzaren 13an eta 15ean, hain zuzen ere. Avoz elkarteak ‘Pagliacci’ aurkeztuko du.

Gainera, Mayumanaren ‘Currents’ ikuskizuna ikusteko aukera ere izango da. Ikuskizun hori aurreko urtean ikustekoa zen, baina pandemiaren ondorioz bertan behera utzi behar izan zen. Mayumana Gasteizen izango da uztailaren 29an, 30ean eta 31n.

Dantza

Dantza abonamenduaren barruan bi ikuskizun programatu dira. Maiatzaren 19an Lucía Lacarrak eta Matthew GoldingekIn the still of the night’ ikuskizuna eskainiko dute eta ekainaren 3an Jove Companyiaren txanda izango da ‘IT Dansa’ ikuskizunarekin.

Dantza Sarean’ zikloaren barruan beste hiru proposamen eskainiko dira. Ikuskizun horiek Félix Petite Antzokian eskainiko dira. Horietako lehena maiatzaren 13an ikusi ahal izango da: Amaia Elizaran eta Liam O’MaonlaírenArima’ ikuskizuna. Maiatzaren 21ean Altraste Danza taldeak ‘Nancy en Vietman’ ikuskizuna eskainiko du eta ekainaren 10ean Cielo Rasoren ‘Hamaika’ ikuskizuna ikusi ahal izango da.

Udaberriko denboraldirako abonamenduak hil honen amaieran jarriko dira salgai, 28an, 29an eta 30ean, hain zuzen ere. Martxoaren 30ean abonamendu irekiak jarriko dira salgai eta martxoaren 31tik aurrera sarrera solteak jarriko dira salgai.