Durangoko Arte eta Historia Museoak Goya, Haes eta Fortunyren grabatuak erakutsiko ditu

Erakusketa zabalik izango da datorren apirilaren 24ra arte eta aipatu hiru margolarien 14 lan erakutsiko ditu.

Durangoko Arte eta Historia Museoak Francisco de Goya, Carlos de Haes eta Mariano Fortunyren 14 grabatu erakutsiko ditu apirilaren 24ra arte. Erakusketa museoan gordetako bilduma oparo eta garrantzitsutik apropos hautatutako 14 grabatu egongo dira ikusgai; 2 Goyarenak, 11 Haesenak eta 1 Fortunyrena.

Hiru margolari horiek XVIII. mendearen amaieran eta XIX. mendean zehar egin zuten lan. Izen handiko margolariak dira eta beste hainbat artista handiren inspirazio iturri ere izan dira, hala nola, Darío de Regoyos edo Mari Puri Herrero.

Durangon ikusgai izango diren lanak estatu- zein nazioarte-mailako museotako erakusketetan izan dira: El Prado Museoa, Thyssen Museoa, Bilboko Arte Ederretako Museoa edo Basileako Beuyler Fundazioa.

Pasa den urtean Durangoko Arte eta Historia Museoak bere 35. urteurrena ospatu zuen eta 17.681 bisitari izan zituen, inoiz baino bisitari gehiago.