Euskal literaturak presentzia nabarmena izango du Eñe Jaialdian

Euskal literaturari buruzko programa Bernardo Atxagak koordinatu du eta Uxue Apaolaza, Fermín Etxegoien, Leire Bilbao, Elvira Lindo, Juan Ramón Madariaga eta Javier Muguruza bertan izango dira

Euskal literaturak presentzia nabarmena izango du azaroaren 11tik 27ra bitartean ospatuko den Eñe Jaialdiaren XIV. edizioan. Etxepare Euskal Institutuaren eskutik, euskal literatura, Kataluniako literaturarekin batera, jaialdiko hiru ekitalditan izango da.

Euskal literaturari buruzko programa Bernardo Atxagak koordinatu du. Azaroaren 19an, Uxue Apaolaza eta Fermin Etxegoien Elvira Lindorekin izango dira Fernando de Rojas Antzokian. Saio horretan, beren barne-munduen ikuspegia eta literaturaren magiara hurbiltzeko moduak partekatuko dituzte.

Egun berean, Círculo de Bellas Artesen, Leire Bilbaok, Juan Ramón Madariagak eta Bernardo Atxagak zenbait poema irakurriko dituzte. Ondoren, Atxagak berak, Jabier Muguruzarekin batera, musika eta poesia uztartzen dituen ‘Paradisua eta katuak’ izenburuko ikuskizuna eskainiko dute.