Zinebi zeinu-hizkuntzan

“Islatutako keinua. Zinema ikusi, entzun eta hauteman” izenburupean zeinu-hizkuntzak zineman izan duen presentzia errepasatuko duten zazpi lan eskainiko dira.

Azaroaren 11tik 18ra bitartean ZINEBIBilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiaren 64. edizioak 47 herrialdetako 148 film eskainiko ditu. Horietatik guztietatik, erdia baino gehiago emakumeek zuzendutako filmak izango dira.

Zinebi zeinu-hizkuntzan

Aurtengo edizioan izango den berrikuntzarik handienetako bat gorrak diren pertsonentzat antolatutako saio berezia izango da. “Islatutako keinua. Zinema ikusi, entzun eta hauteman” izenburupean, saio horretan historian zehar zineman zeinu-hizkuntzak izan duen presentzia errepasatuko duten zazpi film labur eskainiko dira. Saioa datorren azaroaren 12an izango da, 12:00etan Golem Alhóndiga zinema-aretoan. Hainbat generotako film laburrak eskainiko dira: dokumentalak, fikzioa, animazioa, bideoklipak, zinema esperimentala…

Saioaren bidez, ‘Euskal Gorrak: Pertsona Gorren Elkarteen Euskal Federazioarekin’ lankidetzan, esperientzia filmiko sentsorial eta inklusibo baterako atea ireki nahi da.

Saioa programatu duen Aitor Gametxo zinemagilearen hitzetan, saioaren xedea da “hizkuntzaren izaerari eta irudien sorkuntzari buruzko esperientzia sentsorial bat proposatzea”. Aldi berean, saio horretan eskainiko diren lanen bidez, munduko hainbat lekutan dauden zeinu-hizkuntzek eskaintzen dituzten aukerei buruzko hausnarketarako gonbita egin nahi da. Horrela, “zinemaren funtsezko kontzeptuei dagokienez, egile bakoitzak hartutako erabakiak erakutsi nahi dira, hala nola iraupena, laukiratzea, eszenaratzea, distantzia, mugimendua eta abar”.