Lotsa sentitu beharko nuke bikotekiderik ez izateagatik?

Azterlan batek dio ‘single shaming’ fenomenoa zabalduago dagoela gazteen artean.

Bikotekiderik ez izateak, besteen aurrean, arazoak ekar ditzake, batez ere emakumeen kasuan. Gero eta emakume gehiagok ezkongabetasuna hautatzen duten arren, egia da behin baino gehiagotan aurre egin behar izaten dietela iruzkin eta egoera deserosoei. Gizonek ere, baina ez hainbeste. Fenomeno hori ‘single shaming’ izenarekin ezagutzen da (norbait kritikatzea edo umiliatzea ezkongabe egoteagatik).

Bumble ligatzeko aplikazioak egindako ikerketa baten arabera, 5 espainiarretik batek single shaming fenomenoa pairatu izan du, eta familiaren edo gizartearen presioa sentitu du harreman bat izateko edo ezkontzeko. Gainera, gezurra badirudi ere, fenomeno hori zabalduagoa omen dago 1997 eta 2012 urteen artean jaiotako gazteen artean.

Fenomeno horren adierazle argienak hauek bezalako iruzkinak izango lirateke: “Arroza pasatuko zaizu” edo “ezkongabe izaten jarraitzen duzu?”. Iruzkin xaloak diruditen arren, oso mingarriak izan daitezke. Bestalde, galdetu gabe itsu-itsuko hitzordu bat antolatzea single-shaming ere bada.

Hain garrantzitsua al da bikotekidea izatea?

Gure gizartean bikoterik gabeko pertsonei zerbait falta zaienaren ideia oso hedatuta dago. Badirudi bikotekidea izatea egoera egokiena dela, bizitza independentea hain baliotsua izango ez balitz bezala. Baina, egia esan, gutako gehienek ezkongabetasuna behin-behineko fasetzat hartzen jarraitzen dugu. Zergatik? Bada, gure munduan askotan inposatzen zaigun ideal bat jarraitzen dugulako eta horren zati bat harreman sentimental egonkor bat, bikotekide bat, izatea da. Horregatik hainbeste kostatzen zaigu ulertzea bikotekiderik ez duten guztiak ez daudela egoera horrekin nahigabetuta.