Bot-ak nagusi izango dira Interneten

Aurreikuspenen arabera, aurten bertan, Adimen Artifizialak eta automatizatutako programek gizakiak gaindituko dituzte Interneten erabileran

Pasa den urtean, mundu osoan izan zen Internet trafikoaren ia erdia bot-en bidez izan zen. Aurten, Adimen Artifizialaren eklosioarekin, gizakiok egiten dugun erabilera gaindituko dutela aurreikusten da. Datuen babesean lan egiten duen Imperva enpresak bot-en erabilera aztertzen du eta bere datuek agerian uzten dutenez, horrelako aplikazioen erabilera nabarmen hazi da azken urteetan.

Epe laburrean, beraz, Internet gizakiona baino horrelako makinen esku izango dela dirudi. Ez da datu hutsala; kontuan hartu behar dugu gizakiok egiten dugu erabilera ere nabarmen hazi dela azken urteetan. Egunero milaka milioi pertsona konektatzen dira Internetera, banda zabaleko kontsumo handiarekin Netflix bezalako plataformak erabiltzeko edo artxiboen deskargak egiteko.

Bot kaltegarriak

Impervak 2022an bildutako datuen arabera, Interneteko trafiko guztiaren % 47,4 bot-ek kontsumitu zuten. Aurreko urtearekin alderatuta kontsumo hori bost puntutan hazi da. Hazkunde hori, noski, gizakiok egiten dugun kontsumotik dator.

Kontsumo horretatik, iturri beraren arabera, % 30,2 bot kaltegarriei dagokie. Kasu horretan, hazkundea % 2,5ekoa izan da. Kaltegarriak ez diren bot-en kontsumoa, aldiz, 17,2koa da, aurreko urtean baino % 2,7 gehiago.

Joerak ikusita, eta urte hasieran Adimen Artifizialak hartu duen indarra ikusita, ziur aski, automatizatutako programek gizakiak gaindituko dituzte Interneten erabileran.

Zer da bot bat?

Bot bat Interneten ataza bat bere kabuz egiten duen programa automatizatu bat da. Orain dela gutxi arte horretara mugatzen ziren, hots, laguntzarik gabe aritzen zen kodea ziren. Baina Adimen Artifizialari esker, teknologia horretaz baiatzen diren bot-ak azaldu dira eta horiek veste hainbat ataza buru ditzakete, hala nola, bilaketak, deskargak, edukiak sortu… Hor dira, adibidez, Chat GPT, Google Bard, Stable Diffusion, MidJourney eta beste asko.

Ukrainako inbasioarekin ikusi ahal izan den bezala, espioitzari eta gerrari lotutako bot-en erabilera % 142 hazi zen 2022an.

Hainbat kasutan, bot-ak lagungarriak izan daitezke, baina ikusi dugun bezala, kaltegarriak diren horiek dira gehien erabiltzen direnak. Bot-ak, adibidez, hainbat zerbitzuetan eta plataformetan atazak automatizatzeko balio dute. Hainbat webgunetan, adibidez, bezeroen arretarako erabili ohi dira. Arazo bat dugunean, pertsona batekin hitz egin beharrean bot batekin, makinarekin, hitz egiten dugu. Aplikazioak hainbat galdera posible gordeta ditu eta horien araberako erantzunak ematen ditu.

Bot kaltegarrien xedea, berriz bestelakoa da. Kasu horretan, aplikazio horiek erabiltzaileei kalte egiteko erabiltzen dira, nagusiki, datuak lapurtzeko edo haien online jarduera zelatatzeko. Horrelako aplikazioak sistema konplexuak erasotzeko gai dira edo datuak eta kontuak lapurtzeko, e-mailaren bidez birusak instalatzeko, spam-a sortzeko… benetako web gune edo zerbitzu baten itxurak egin ditzakete.

Gainera, Ukrainako inbasioarekin ikusi ahal izan den bezala, espioitzari eta gerrari lotutako bot-en erabilera % 142 hazi zen 2022an.